Domeka honetan, martxoak 6, Lankuren eskutik Plaza bete poz ikuskizuna izango da Zabalotegi aretoan. Bereziki lau eta hamabi urte bitartean dituzten umeei zuzendutako erromeria giroko jaialdia da Plaza bete poz, eta "haur dezente batera mugitu dezakeen jarduera dinamiko eta parte hartzaile" bezala aurkezten dute antolatzaileek.
Sarrerak lau eurotan izango dira salgai Zabalotegi aretoko leihatilan.
Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresa da Lanku, eta bere helburu nagusienetako bat da herri mugimenduaren antolakuntza errespetatuz bertsolaritza eta kultura jarduerak indartzea.
Jolasak eta dantzak
Erromeria horretan, jolas pausatuekin hasi eta mugimendura pasatuko dira, dantzara. Hala, txikiek ezagutzen dituzten kantu parte hartzaileekin hasiko dira; Ran Roberra bezalakoak, esaterako. Ahotsarekin eta inprobisazioarekin ere jolastuko dira: galde-rantzunak, errepikatzeak... Handiagoek ezagutu ditzateketen kantuak entzun eta abestuko dituzte ondoren (maketume, ping pong pilota...), ondoren kantu horien koreografia lantzeko.
Irudimen bidezko kontsignak eman eta dantzak bideratuko ditu gidariak (orain txoriak gara, orain hostoak, orain robotak...)
Bukatzeko, dantza librea egingo dute, mota guztietako musikaz lagunduta: Pirritx eta Porrotx, Carlinhos Brown...