"Ikuskizun honetan musika ardatz nagusia denez, soinuari arreta berezia eskainiko diogu, baina argiztapenari eta ikuste-zatiari ere bai" adierazi du Karlos Etxanizek, Bergarako Orfeoiko presidenteak. Nabarmentzekoa da Bergarako Orfeoiak lehenengoz eskainiko duela emanaldi bat dantza talde batekin batera.
Vocalise teknika
Musika garaikidea da eskainiko dutena, Karl Jenkins-en vocalise teknika erabilita. "Teknika hori 1994an garatu zuen eta horretarako silabak eta soinuak nahasten ditu inongo hizkuntzatan ulertu ezin daitezkeen letrak sortuz" dio Aitor Biain Bergarako Orfeoiko zuzendariak.
Orkestrazioari dagokionez, Brasilgo, Argentinako eta Espainiako dantza erritmoak erabiltzen ditu eta operaren edota jazzaren ukituak ere baditu. Hala ere, oraingoan Jenkins "harago" doa bere esplorazioan eta abesti bakoitza kolore jakin batekin lotzen du. "Horrek gogo-aldarte subjektiboak edo espresio-estiloak inspiratzen ditu. Musika printza latinoamerikarrekin dago eraikia, hainbat estilo fusionatzen ditu, hala nola, tangoa, samba… Orkestrazioa oso zaindua eta txundigarria da" dio Biainek.
70 ahots eta hiru bakarlari
Ikuskizuna "kolorez, musikaz eta dantzaz gainezka dator. Hunkigarria, benetan!" gehitu du Karlos Etxanizek. Agertokian, guztira, 70 ahots, Orfeoia eta Orfeoi Gaztea (Nagore Sanzen zuzendaritzapean) kontuan hartuta. Eta hiru bakarlari: Ainara Uribesalgo (altua), Rafa Moñux (tenorea) eta Nere Ibarra (sopranoa).
Bergarako Camden Town dantza akademiako 40 dantzari ariko dira agertokian, batzuk gazte-gazteak. Olmar Elejaga da zuzendaria. Haren esanetan, "erronka handia" da aurrean dutena eta gogor ari dira entseguetan, zuzenean eta zuzeneko musikarekin aritzeak dakarren zailtasunari erantzuteko.
Arrate Bengoari omenaldia
Bergarako Orfeoiak, emanaldi berezi honekin, omenaldia eskaini nahi dio Arrate Bengoari. Iaz zendu zen. "Orfeoiko kide eta presidente izateaz gainera, asko maite genuen eta emanaldia hari eskainiko diogu" esan du Karlos Etxanizek.
10 euro
Sarrerak zenbakituak izango dira eta dagoeneko salgai daude 10 eurotan, www.kutxabank.es webgunean eta Pikupe Produkzioen bulegoan.