Juanje Alberdi, alkatea: "Tasen %20ko igoeratik jasotzen den dirua Agorrosinen geratuko da"

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 11a, 21:26

Alkatea gaurko ezohiko bilkuran

2016an Agorrosingo kiroldegian aplikatuko den tasen igoerari alegazioa jarri zion EH Bilduk, "ez dela zilegi" esanez. Gaur, ezohiko osoko bilkura egin dute, eta alegazio hori ez dute onartu, Udal Gobernuko kideek aurka bozkatu baitute.

Jarritako alegazioan, EH Bilduk salatzen zuen "igoera justifikatzeko ez dela azterketa ekonomikorik egin". Plenoaren amaieran Agurne Barrusok honakoa adierazi du: "igoera hura onartu zenean, ez zegoen azterketa ekonomikorik. Gerora, ogasuneko teknikariek egin dute, eta hor ikusten da Agorrosinek %62-64ko autofinantziazioa daukala. Guk uste dugu autofinantziazio maila horrek ez duela justifikatzen erabiltzaileei %20ko igoera bat aplikatzea". Gaineratu du igoera larriagoa dela Debagoieneko kirol txartel mankomunatua kendu dela eta Bergaran erroldatuei soilik aplikatuko zaiela kontuan izanda.

Alkateak adierazi du aipatutako txostenean "garbi gelditu" dela "gauzak egin daitezkeela eta ondo eginda daudela". %20ko igoeraren harira, honakoa gaineratu du: "argi daukagu benetan premiazkoak eta beharrezkoak diren zerbitzuetara bideratu behar dugula dirua".

"Tasen bitartez" eta "kudeaketan hobekuntzak ezarriz", "oreka baten bila" joan behar dutela dio Alberdik; "baina ez gabiltza esaten %100eko autofinantziazioa egon behar denik". Gaineratu du, "%20tik jasotzen den dirua Agorrosinen geratuko dela", eta "Udal bezala Agorrosinen jarriko ez dugun beste diru hori premia duten beste gauza batzuetarako erabiliko dugu".

Irabaziko Aiert Lizarraldek, bere aldetik, gai honetan ere "herritarren partehartzea" garrantzitsua dela nabarmendu du. Tasen igoeraren aurka sinadurak biltzen ibili den Agorrosin %20 EZ taldeari erreferentzia eginez, esan du mugimendu horrek erakusten duela "kudeaketa ez dela oso ondo egiten ari". Azpimarratu du EAJk hartutako erabakia "soilik eurena" dela. Proposatu du, Agorrosingo kasuan kirolariek eta erabiltzaileek parte hartu beharko luketela horrelako erabaki bat hartzean.

Plataformaren interbentzioa

Agorrosingo tasen gaia bilkuran jorratu denean, Agorrosin %20 EZ plataformako kide Iban Biagak interbentzioa egin du. Hainbat galdera plazaratu dizkio alkateari eta Udal Gobernukideei. Besteak beste, esan du instalazioen erabiltzaile askok baja eman ezkero, defizita are gehiago handituko litzatekeela; horrekin lotuta, kasu horretan, kiroldegiko lanpostuekin zer gertatuko litzatekeen ere galdetu du. Alkateak erantzun dio ez dutela baja asko izatea aurreikusten: "jende kopurua mantenduko da".

Bestalde, Biagak Udalaren helburua Agorrosin pribatizatzea den galdetu du. Horri erantzunez, "argi eta garbi, ez", esan du alkateak.

Bosgarren edukiontziaren ezarpena

Bilkuran onartutako beste puntu bat Debagoieneko Mankomunitateari bosgarren edukiontzi bidezko hondakinen bilketa sistema ezartzearen eskaera luzatzea izan da. Udal Gobernuaren eta EH Bilduren aldeko botuekin eta Irabaziren abstentzioarekin onartu da proposamena. "Gabonen ostean" ezartzen hasteko eskaera egiten dute bertan, gabonetan hondakin asko sortzen direla-eta, zailagoa litzatekeelako aldaketa orduan egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak