Elkartasun afaria zapatuan Bergaran, Elkoro eta Bixkai bertan direla: txartelak badaude oraindik

Julen Iriondo 2015ko ira. 2a, 13:25

Bergarako preso eta iheslarien lagunek antolatu dute afaria. 21:30ean izango da, Aranzadi ikastolako gimnasioan, eta txartelak erosteko azken eguna da bihar, eguena: 15 eurotan daude salgai, Arranon eta Pol-Polen. Afarirako hitzordua 20:30ean egin dute Pol-Polen.

Presoen senideei elkartasuna adierazteaz gain, "bakean bizitzeko eskubidea" eta euskal herritarren hitzaren errespetua aldarrikatu nahi dute afariarekin. Horrez gain, Jose Luis Elkororen eta Iñaki Arietaleanizbeaskoaren askatasuna ere ospatuko dute. Afariarekin batera, ekitaldia eta jaialdia egingo dituzte.

Bergarako preso eta iheslarien lagunek bidalitako oharrak horrela azaltzen ditu ekimen honetarako arrazoiak:

  • "Elkartasuna. Elkartasuna adierazi nahi diegu 25 urte luze hauetan dispertsioa gogorren jasan behar izan duten senideei. Lege eta oinarrizko giza eskubideekiko inolako errespeturik gabe, Espainia eta Frantziako estatuek Euskal Preso Politikoak dispertsatu zituzten. Haiei kalte nabarmena eragin die, baina bereziki senideak izan dira politika basati hau sufritu dutenak. Gastu ekonomiko izugarriaz gain, bidai luze hauek arriskutsuak izan ohi dira, hala, 16 izan dira istripuz hil diren presoen senideak. Ekitaldiaren helburu nagusia, urte hauetan dispertsioa sufritu duten senideei, bereziki oraindik sufritzen ari direnei, gure elkatasuna eta berotasuna adieraztea izango da.
  • Bakea. Euskal Herriak bakea nahi du eta bakean bizitzeko eskubide osoa du. Gatazkaren ondorio guztiak konpondu behar dira eta horrek eskatzen du berehala presoak Euskal Herrira ekartzea ta larri gaixorik daudenak kalean gelditzea. Bigarren urrats bezala preso guztiak etxean eta libre bizi behar direla deritzogu. Izaera politikoa duten eta konpondu diren gatazka guztietan presoen etxeratzea gertatu da, Irlandakoa da adibide garbienetakoa eta Euskal Herrian ere lehenbailehen egin behar da.
  • Hitza. Demokrazia da bakea betikotzeko bide bakarra. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko hitza eta erabakia izan behar du. Inoiz gehiago, inork ez dezan kartzelarik, erbesterik edo kalterik ezagutu arrazoi politikoak direla medio".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak