Duela bi hilabete inguru Baionako Kortsarioen Galeria elkarteko kideen lanak Bergarako Aroztegi aretoan ikusteko aukera izan ostean, atzoz geroztik Beart elkartekoen lanak dira Baionan erakusgai daudenak. Eta erakusketa inauguratzeko, Bergarako margolariez gain, Juanje Alberdi alkatea eta Iñaki Arregi eta Sabino Azkarate ere izan ziren Baionan.
Goizean erakusketa muntatzen ibili eta gero, denek batera bazkaldu eta Baionako udaletxera joan ziren. Han, Bergarako alkateak eta Baionako auzapezak, Jean-René Etchegarayk opariak trukatu zituzten, eta Baionako Udalari esker, Lapurdiko hiriburua ezagutzeko bisita gidatua egin zuten.
Bisitaren ostean Kortsarioen Galeriara itzuli ziren eta bi udaletako ordezkariek hitza hartu eta gero, zabalik geratu zen erakusketa. Bearteko 38 margolariren obrak daude ikusgai Baionan, artista bakoitzeko lan bat eta uztailaren 10era arte egongo dira bertan.