Pazkoak 2015 Bergaran

Bergarako erraldoi konpartsaren 15. urteurrena

Naroa Odriozola 2015ko mai. 18a, 12:34

Bergarako erraldoiak.

Ordiziako, Nafarroako eta Kataluniako erraldoiak izango ditu lagun Bergarako konpartsak, Pazkoetako kalejiran.

Erraldoi konpartsa momentu gorena bizi izaten ari da, hamabost urteren ostean inoiz baino jende gehiagok osatzen du eta: hogeita sei nagusi eta hamabost gaztetxok. Hala ere, kaleetan zehar dantzatzen ikustea ez ezik agerian ez dagoen lana ere ezagutzera eman nahi dute Pazkoetan.

Maiatzaren 23an, zapatua, 11:00etan, Munibe plaza erraldoiz jantziko da; izan ere, Bergarako erraldoiek Txantreako (Nafarroa), Sant Andreu eta Palomarko (Katalunia) eta Ordiziako erraldoiak izango dituzte lagun. Talde guztiek bertaratutakoen aurrean muntatuko dituzte erraldoiak. Gainera, Kataluniako trabukeiro talde bat ere bertan izango da.

Bergarako erraldoien egileak, Mikel Ibartzabalek, erraldoiak egiteko prozesuari buruzko erakusketa egingo du eta informazio-triptikoak eskuragarri egongo dira. Etxeko gaztetxoak, erraldoiez gozatzeaz gain, bertan egongo den puzgarrian gora eta behera ibili ahal izango dira.

Salmenta-gunea egongo da baita ere. Bartzelonatik ekarritako erraldoi itxurako txokolatezko piruletak egongo dira salgai, eta gozozaleak ez direnek palomita makina izango dute. Horrez gain, Guti eta Felisin ipotxei ez zaie protagonismorik faltako. Izan ere, bien erreplika txikiak salduko dituzte etxeko apalak apaindu nahi dituztenentzat. Gainera, zozketa batean parte hartzeko txartelak ere eskuragarri egongo dira.

18:00etan, berriz Bergarako konpartsak Kataluniako, Txantreako eta Ordiziako erraldoiekin batera erraldoien konpartsako kalejira egingo du herriko kaleetan zehar, betiere Elgoibarko dultzaineroen eta Udal Txistulari Bandaren laguntzarekin. San Martin plazan hasi eta bukatuko da ibilbidea. Bidekurutzeta, Ramon M. Lili, Ibargarai, Irizar, Kruz Gallastegi, Bideberri, Fraiskozuri, Herri Lagunak, Domingo Martinez de Irala eta Barrenkale igaro ondoren.

Bergarako erraldoi konpartsaren 15. urteurrena dela eta, Alfredo Gonzalez Chirlaquek Erraldoien martxa-ren moldaketa egin du eta partitura entregatuko dio Bergarako konpartsari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak