Epeleko konpostatze planta eta transferentzia estazioa eraikitzeko proiektuaren inguruan, Gipuzkoako Hondakinen kudeaketa eta Bergarako Udalaren arteko akordioa Gobernu taldeak eta EAJk babestu zuten, alderdi sozialista ez zen osoko bilkuran egon. Akordioari esker, Angiozarrek bertako bizi kalitatea hobetuko duten proiektuak garatzeko 321.814,75 euro jasoko ditu.
Alderdi jeltzalea akordioak izango dituen ondorioekin bat etorri arren, Epeleko plantaren lanen atzerapena azpimarratu zuen EAJko bozeramaileak. Oiarbide zinegotziak azaldutakoaren arabera, konpostatze plantaren proiektua 2009an onartu zen eta ordutik proiektuaren lanek ez dute aurrera egin. Alkateak bestalde lanen atzerapena onartu zuen, eta aurreikuspenen arabera, plantaren lanak sei hilabeteren buruan bukatuta egongo direla argitu zuen.
Konpentsazio gisa angiozardarrek jasoko duten diruak baina ez du atzerapenik izango, atzo onartu zen akordioa sinatzean %50a jasoko baitute, eta gainontzekoa, lanak bukatzen direnean. GHKtik jasotako dirua, angiozardarrekin adostutako proiektuetan gastatuko dutela zehaztu zuen Isazelaia alkateak.