Candy bideragarria den ustetan, ez dute "amorerik emango"

Ubane Madera 2014ko aza. 27a, 22:00

Lantokiaren itxieraren aurka, eta bideragarritasunean sinisten dutelako, manifestazioa egin dute Bergarako Candyko langileek Bergarako kaleetan barrena. Jendetsua izan da hau ere, langile, langile ohi, familiarteko eta herritar hainbaten laguntzarekin. Candy ez itxi. Deslokalizaziorik ez! izan da manifestazioaren lelo nagusia. 

"Ziur gaude Bergarako lantokia bideragarria dela, eta frogatzen saiatuko gara, denbora kontua da. Uste dugu itxiera aurretik diseinatu dutela, datuak makillatu dituztela irabaziak ezkutatuz". Horixe da Candyko langileek pentsatzen jarraitzen dutena eta asteon prentsaurrekoan berretsi dutena.

Ez dute amorerik emango

Hala, uste bera konpartitu zuten herenegun Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin egindako batzarrean. "Diputazioko teknikari batzuk enpresako ordezkariekin elkartuko dira, bideragarritasun posibleak aztertzeko. Eta italiarrek bere horretan segitzen badute, bestelako proiektu batzuk aztertzen hasiko gara, Bergarako instalazioetan gauzatzeko, betiere", azpimarratu dute enpresa batzordetik. "Ez dugu etsi behar. Gure lehen aukera da orain arte izan dugun produkzioarekin segitzea, ez dugu amorerik emango, langile talde handi bat nahiko egoera kaskarrean geratuko delako", diote enpresa batzordetik.

Diputazioarekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin ere batzartu dira Candyko ordezkariak. Jaurlaritzak adierazi du segituko dutela Candyrendako konponbide bila. 

Babesarengatik eskerrak

Bestalde, joan den astean langileen batzordeak eta Candyko zuzendaritzak izandako batzarraren ondoren, azken horrek ohar bat kaleratu zuen, eta langileak birkokatzeko plan bat egiteko gertu zegoela esan. Bada, langileen batzordeak gezurtatu egin du hori: "Birkokatzeen inguruan enpresak esandakoa gezurtatu gura dugu. Lana bilatzen laguntzeko azalpen bat eman digute, beste ezer ez, lanpostu bat bera ere ez", diote.

Gauzak horrela, asteon mobilizazioekin segitu dute langileek. Fabrikaren kanpoko aldean egunero daude, besteak beste, enpresak bertatik materiala atera ez dezan zaintzeko. Horrez gainera, atzo, eguena, beste manifestazio bat egin zuten Bergaran. Eta gaur lantegi aurrean elkarretaratzea egingo dute, enpresako zuzendaritzarekin egingo duten batzarraren bueltan.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiete hainbat kolektibo, enpresa batzorde, kultur nahiz gastronomia elkarteei jasotzen dabiltzan babesarengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak