Bergarak eredu izan gura du kaleko garbitasunari dagokionean eta horretarako, Garbiena, zikintzen ez duena! izeneko kanpaina ipini du martxan. Izenburuak berak dioen moduan, helburua da herritarrak kontzientziatzea eta guztien artean, sortzen den zikinkeria nabarmen gutxitzea. Izan ere, hori ohiko arazoa eta kexa iturria da Bergarako herritarren artean: “Animalien gorotzak direla, lurrera botatako objektu eta hondakinak direla… bergararren elkarbizitzan eragiten duen alorra da”, dio Nagore Narbaiza parte-hartze teknikariak.
Kanpaina parte-hartzailea izatea gura du Udalak, problematika horren inguruko gogoeta eta ekintza multzoa bideratuz. Herritarrek herria txukunago mantentzeko ideiak helaraztea gura dute. Horiek oinarri hartuta, gero, ekintzak diseinatuko dira.
Hasierako fasean dago ekimena eta datozen hilabeteetan joango da gauzatzen.
Hala, Udala dagoeneko hasi da arazoari irtenbidea emateko eragileekin bilerak egiten. Gaur, herritarrei dei egin diete, norberak bere ekarpenak egin ditzan. Horretarako, udalarekin harremanetan ipintzeko ohiko bideak erabili daitezke: herritarrenpostontzi@bergara.net helbidea; twitter @BergarakoUdala; Facebook/Bergarako_Udala; Udaletxeko telefonoa edota lehiatila bera.
Detektatutako eremuak
Orain arte egindako gogoetetan, ekin beharreko eremuak detektatu ditu udalak. Besteak beste, honakoak: lurrera botatzen diren bildukin eta objektuak, animalien gorotzak, natura inguruetan uzten diren hondakinak, zintzilikarioetan, lurrean uzten diren zabor poltsak eta kartelak eta bestelakoak.
Esandako moduan, horietan guztietan ekiteko sentsibilizazio bideak eta ideiak bideratu gura ditu udalak herritarrekin eta bestelako eragileekin batera.