Nolatan Angiolilloren gaineko liburua egiten?
Orain dela hamabost bat urte beste lau gazterekin batera informazioa batu eta Angiolilloren inguruko liburuxka bat idatzi behar genuela pentsatu genuen. Koldo Izagirrerekin egon ginen, orduan idatzi berri zuen Nik ere germinal! Egin gura nuen aldarri eleberri zoragarria. Bergarako gaztetxera etorri zen, eta poltsa handi batean Angiolilloren inguruko material piloa ekarri zigun. Momentu horretan ez genuen fundamentu handirik atera eta proiektua hor gelditu zen. 2008ko otsailean nire jarduera eta lan politikoarengatik kartzelaratua izan nintzen. Denbora asko nuela-eta garai batean utzi nuen egin behar horri heldu nion.
Zergatik Angiolillo?
Michele Angiolillo anarkista italiarra , ahaztutako pertsonaia garrantzitsua da. Angiolillo moduko pertsonei tarte txikia eskainiko die historiak, nahiz eta bere ekintzarekin historiaren norabidea nabarmen aldatu. Zor pertsonala nuela uste nuen. Kultura politiko desberdinetatik gatoz, baina gure mugimenduek badute parekotasunik: duintasuna, konpromisoa… libre izan nahi eta preso bukatu.
Zer topatuko dugu liburuan?
Saiakera da, ez ikerketa sakona egin dudalako; alderantziz, saiakera da asko saiatu naizelako.Liburuxka hau ez da eleberri on bat; ez naiz idazlea. Akatsak bilatuko dituzu, idazle bezala trasgresio ugari aurkituko dituzu, lizentzia bereziak hartu ditut. Zer aurkitzea nahi dudan? Militante kontsekuente baten nondik norakoak. Jendarte eredu aske bat eraikitzea nahi zuen ameslari baten azken estazioa. Utopia egingarria dela aldarrikatzea.
Informazioa nondik jaso duzu?
Iturri nagusiena Koldo Izagirrek eman zigun poltsakada paperak osatu dute. Kanpotik neska lagunak, Maittanek, eta beste lagun batzuk bildutako informazioa. Liburuan bibliografia aipatzen dugu, liburu asko irakurri ditut; web gune askotik ateratako informazioa sartu zidaten espetxera.Atal honetan geldi unetxo bat egitea merezi du. Euskal preso politiko guztiek komunikazioak interbenituta dauzkate, paketetan fotokopiatutako apunteak eta materialak debekatuta daude, hilean behin aurrez aurreko bisitak aprobetxatzen genituen materialak sartu eta ateratzeko, ezkutuan eta harrapatu ezkero zigorra jasotzearen mehatxupean –isolamendua, sei hilabete aurrez aurreko gabe, espetxe aldaketa–. Baldintza horretan idatzi genuen liburuxka.
Nola deskribatuko zenuke Angiolillo eta nola bere bizitza?
Angiolillo ekintzale anarkista erromantikoa eta oso balore eta printzipio sakonekoa zela esango nuke. Bere bizitza oso laburra izan zen, 26 urterekin hil zuten. Azkar eta oso modu intentsoan bizi izan zituen.
Angiolilloren bizitzan zerk harritu zaitu gehien?
Atxilotzeari, epaiketari, espetxeari, zigorrari eta azkenik urkamendiari nolako heldutasun eta osotasunarekin aurre egin zien. Ihes egiterik bazuen, erruki eskatzea ere bai, baina dotoretasuna, duintasuna eta konpromisoa azken momentu arte aldamenean izan zituen. Ideia anarkistengatik borrokatu zuen azken hatsa eman arte.
Zer izan da liburua idazterakoan gehien kostatu zaizuna?
Hasteko egoera bera: kartzelan egotea, kanpoek materiala lortu, sartu, eskuz idatzi, atera, ordenagailura pasa, zuzendu... lan ikaragrria suposatu zuen. Baina honen gainetik gehien kostatu zaidana idaztea izan da. Ez naiz idazle jaioa eta zailtasunez beteriko jarduna izan da.
Pozik emaitzarekin?
Oso pozik. Hasieran niretzako lan bat zen, hamar ale atera eta zenbait lagunei eman nizkien. Horietako bat gaztetxera eraman eta beraien esku utzi nuen. Internet bitartez zabaldu zuten, gerora etorri da liburuxka inprimatzeraen ideia. Denon ondasuna izan behar da gure herriko historia, eta lantxo honekin ekarpen xumea egitea nahi dugu.
Uste duzu bergararrek ezagutzen dutela Angiolillo eta bere historia?
Orokorrean izenez eta ekintzaez ezagutzen dela esango nuke; bere historia aldiz oso alboratuta egon da. Historia letra handiz boteredunek idatzi dute, Angiolillo moduko pertsonaiei bizkarra ematen zaie. Ez dugu bere bizitza eta hstoria ezagutzen merezi duen bezala.
Auzolanean egindako liburua da.
Hemen protagonista bakarra dago: Angiolillo. Guk errazena egin dugu, hark egindakoa jarraitu eta paperean batu. Auzolanean egin dugu, bai. Elkarrizketan zehar aipatu ditut, hasieran ernamuina izan ziren lau gazteak, Koldo Izagirre, gaztetxea, neska laguna, koadrila eta familia, baita despistatuko funtzionarioa ere, zergatik ez, Angiolillo Liburutegia... Inprimatu eta muntatu ere oso modu xumean, auzolanean egingo dugu.
Nola egingo duzue?
Liburuak 112 orrialde ditu, bi aldetan idatzita, beraz, 56 orrialde dira. Auzolanean egingo duguna honakoa izango da: 56 orrialdetatik, bakoitzak bat hartuko dugu, eta liburua montatuko dugu. Inprimazioa, Gasteizko Irrintzi inprimategian egingo dugu. Kolektibo ezberdinei liburuak ateratzen diezkiete guk erabiliko dugun sistema bera erabiliz. Beraz, haiek inprimatu egingo dute, baina guk muntatu. Gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, merkeago ateratzen da eta horrez gain gure benetako nahia da, herriak auzolanean egitea liburu hau. Zergatik? Uste dugulako Bergarako herriak zor bat daukala Angiolillorekin.
Zapatuan, maiatzak 11, izango da hori, ezta?
Bai. Halaxe da. Zapatuan 12:00etan hasiko gara lanean. Herritar guztiak gonbidatuta daude Bergarako gaztetxera etortzera. Liburua, azken egunak pasatu zituen ziegaren ondoan muntatuko dugu, gaur egun Angiolillo liburutegia kokatuta dagoen ziegan.
Liburuaren aurkezpena noiz egingo duzue?
Aurkezpena ekainaren 14an izango da, egubakoitza, 18:00etatik aurrera. Ekitaldia Bergarako gaztetxeko 13. urteurrenaren barruan kokatu nahi da. Gaztetxeko urteurrena, ekainak 7tik 16ra bitartean ospatuko da. Aurkezpen ekitaldia antolatzen gabiltza oraindik, baina gure nahia da Angiolillori buruz idatzi duen beste idazle bat ekartzea gonbidatzea. Musika pixkat ere egongo da, eta luntxa, nola ez. Dena dela, lehen esan bezala, oraindik egitaua lantzen gabiltza.