Bergara Garbiak urtebeteko moratoria eskatu dio alkateari

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 4a, 18:30

Atez atekoaren ezartzea urte betez atzeratzea eskatu dio plataformak Jesus Elortza alkateari, eta urtebeteko atzeratze horretan txipa duten edukiontzi marroiak ezartzea udalerri osoan froga gisa: "Gure ustez, aukera hau jasangarriagoa da gizarte- ingurumen- eta ekonomia- alorretatik begira" diote. 

Eta gehitzen dute, "beste udalerri batzuetan egindako esperientziek zatiki organikoaren gaikako bilketarekin lor daitezkeen emaitza bikainak ongi frogatu dituzte; arrazoi eta beharrik gabe ontzi, zutoin, langile eta kale garbiketan egindako gasturik gabe eta bizilagunei atez atekoak sortzen dizkien eragozpenik gabe, gainera".

Horri gehitzen diote, urtebeteren buruan emaitzak espero zitezkeenak ez badira, kontsulta lotesle bat egiteko, udalerrian zabor bilketarako aukerarik jasangarriena eta egokiena zein den erabakitzeko: atez atekoa edo edukiontzi marroia.

Era berean, idatzizko eskaera horretan alkateari gogora erazten diote joan den martxoaren 26an euren manifestuari 4.691 bergararrek adierazitako atxikimendua bermatzen duen sinaduren dokumentua eman ziotela 5. edukiontziaren eta kontsultaren alde, hondakinen bilketa sistema birplanteatuz, eta ez dutela erantzunik jaso: "Ez dugu erantzunik jaso eta, itxuraren arabera, atzera egin ezinezko bidetik abiatzea erabaki duzula dirudi, zure herrikideen eskaerei jaramonik egin gabe. Gogoratu nahi dizugu alkate izan zintezen botoa eman zizuten herritar kopurua baino handiagoa ordezkatzen dugula guk, arazo honetan legitimidadea gurea dela, ez zurea, nahiz eta gehiengoari bizkar emanez, zure alkatekeria ezartzeko legalidadeaz baliatu".

Bergara Garbia Plataformak uste du arazoa oraindik bideratu daitekeela "erantzukizunez eta bide demokratikoetatik", eta horregatik egiten duela proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak