Azkaiter Pelox: "Nire lanean sinisten dut eta nire bizitzaren parte bat abestietan islatzen dut"

Ander Monedero 2012ko mai. 9a, 17:00

Azkaiter Peloxek (Bergara, 1978) 2004an Fly Shit taldea utzi eta bi proiektu abiarazi zituen: Mahaster River eta Azkaiter Pelox. Lehenengo proiektuarekin bi lan kaleratu, eta 2011n proiektua desegin zen. Orain, 2004. urtean hasitako beste proiektuarekin jarraitzen du: Azkaiter Pelox. Zapatuan, maiatzaren 12an, Zamburleiker izeneko lana aurkeztuko du Bergarako Laino skate parkean.

2004an hardcorea alde batera utzi eta gitarra akustikoa hartu zenuen. Zer-nolako jauzia izan zen?

Jauzi handia izan zen: anplifikadorea topera jartzetik agertoki batean gitarra akustikoarekin bakarrik egotera. Dirudiena baino zailagoa da oholtza gainean bakarrik egotea. Orain, lagunak kontzertuetan jotzera gonbidatzen ditut. Nahiz eta Azkaiter Pelox izan, gitarra akustiko bat, kontrabaxua, harmonika... Jendearekin jotzen asko disfrutatzen dut.

Bakarlaria izan arren, oso gutxitan ikusten zaitugu agertokian bakarrik.

Nik musikak duen integratzeko gaitasuna azpimarratzen dut.Bertako musikariez aparte, Venezuela, Uruguai eta Ingalaterrako lagunekin jotzen dut, eta haien herrialdeetako erritmoak ezagutzeko aukera izan dut.

Noiz hasi zinen Zamburleiker diskoko abestiak prestatzen?

Zamburleiker diskoko abestiak orain dela urtebete inguru lantzen hasi nintzen, baina abestien ideia asko zaharrak dira. Adibidez, Iparraldera bidaia abestia 2004ko ideia baten oinarrituta dago. Nire lanean sinisten dut, artista bat naiz eta nire bizitzaren parte garrantzitsu bat abestietan islatzen dut.

Orion bizi izandako urteetako abesti bat ere grabatu duzu.

Bai, Ottis Reading-en Dock Of The Bay abestiaren bertsioa grabatu dut, baina kantuaren hitzak aldatu ditut. Orioko Itsas Ertzean da bertsioaren izena.

Lan berria Eibarko Legarre estudioan grabatu duzu. Zergatik?

Ander Barriuso soinu teknikariaren estudioa da, eta oso ondo konektatzen dugula uste dut.Xabier Montoia, Kokein, Musergo... bezalako taldeentzako lan egin du eta bukaerako emaitzan hori antzeman daiteke. Gainera, grabaziora hamar musikari gonbidatu ditut, horrek dakarren lan guztiarekin...

Zaila izango da hamar musikariren agenda lotzea.

Bai, oso zaila da. Jam Session-etan jotzen dut, eta bertan ezagutzen dudan jendearekin harremana izatea gustatzen zait. Disko baten laguntzeko esan, eta gehienak gustura etortzen dira!

Zamburleiker diskoan estilo desberdin asko nahasten dituzu. Diskoa grabatzera gonbidatu dituzun musikarien eragina antzeman daiteke.

Beste musikari batzuekin jotzen asko ikasten da, eta diskoan, elkarrekin ikasitakoa erakusteko aukera polita da! Kolaborazioek lana aberasten dute.

Disko berriarekin batera Busking Days izeneko dokumentala ere aurkeztuko duzu.

Bai. 2011n Dublinen jotzen pasa nituen egunetan bizi izandakoa kontatzen dut. Bertan egindako lagunak, posteen gainean jotzen ibili ginen momentua, Temple Bar-eko giroa... Lan hau egiteko, bideo edizio lanetan Mikel Calvo eta Iker Ugalderen laguntza izan dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak