Aranzadi ikastolak gaur utziko du Martinez Irala eta Seminarioan batu du hezkuntza eskaintza

Asier Alkorta 2012ko api. 4a, 18:35

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin sinatutako azken akordioak zioen Aranzadi Ikastolak Aste Santuko oporren aurreko egunean utzi beharko zuela Martinez de Irala eraikina. Bada, iritsi da eguna eta ikasle, irakasle eta gurasoak eraikina uzteko lanetan harrapatu ditugu gaur goizean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin sinatutako azken akordioak zioen Aranzadi Ikastolak Aste Santuko oporren aurreko egunean utzi beharko zuela Martinez de Irala eraikina. Bada, iritsi da eguna eta ikasle, irakasle eta gurasoak eraikina uzteko lanetan harrapatu ditugu gaur goizean.

Aranzadi ikastolako 250 ikasle, Martinez de Irala utzi eta Seminarioan hasiko dira Aste Santuko oporren bueltan. Horietatik 100 Seminarioko jolastokian ipini dituzte behin-behineko etxe aurrefabrikatuetara joango dira eta gainontzekoak Seminarioko eraikinera. Horixe litzateke Aranzadiko ikasle guztiak Seminarion kokatzeko planaren lehenengo fasea, ondoren egokitzapen gehiago egingo dira, etxe aurrefabrikatuak utzi eta ikasle guztiak Seminarioko eraikinean sartu ahal izateko. Ondo bidean egokitzapen guztiak Gabonetarako amaituta izatea da asmoa.

Aranzadiko zuzendari Ane Barrusok adierazi du zoramena izan dela, ikasleak eskolan zeuden bitartean leku aldaketa egitea eta aste hau oso gogorra izaten ari dela. Barruso baina, arduratuta agertu da, bere hitzetan Hezkuntza Sailarekin sinatutako hitzarmenaren arabera, Aranzadik Martinez de Irala gaur bertan utzi beharraren arrazoia zen, San Martik eskolak obrak lehenbailehen hastea Martinez de Irala ahalik eta bizkorren erabiltzen hasi ahal izateko baina, lanon hasiera atzeratuko den susmoa azaldu du.

"Gaur bertan Hezkuntza Saileko arkitekto bat izan da Martinez de Iralan eta berak esan dit lagin batzuk hartzera etorri direla, eta azterketa horiek egin ostean proiektua lantzen hasiko direla". Hori horrela izango balitz eta Martinez de Iralako proiektua oraindik egiteke egongo balitz, desengainatuta sentituko liratekeela esan du Barrusok.

Zentzu horretan gaineratu du Eusko Jaularitzako Hezkuntza Saila aurrefabrikatutako etxetxoen alokairua ordaintzen hasi dela dagoeneko, eta ikastolarendako ere elektrizitatean gastu handia suposatuko duela ikasleak aurrefabrikatutako etxeetan edukitzeak, aire egokituan eta kalefazioan diru asko ordaindu beharko dutelako. "Dagoeneko aurreratu digute aurrefabrikatuta etxeendako behar dugun potentzia Seminarioko eraikin guztiarena baino altuagoa izango dela".

San Martin eskolako zuzendari Begoña Otxoarekin harremanetan ipinita azaldu digu Martinez de Irala egokitzeko lanak lehenbailehen hasiko dituztela, baina datarik ematea ezinezkoa zaiela. Otxoak adierazi du Aste Santuko oporren bueltan lanak hasi aurreko prestaketak egiten hasiko direla, adibidez eraikinaren egoera aztertu, eta obren zatirik garrantzitsuena udako oporretan egingo dutela. Obrak amaitu ostean, San Martin Eskolako Haur Hezkuntzako ikasleak joango dira Martinez de Irala eraikinera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak