Asier Altuna 'Kixi': "Bertsolaritza oso femeninoa eta oso gaztea da, neskaz beteta daude bertso eskolak"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 14a, 02:00

Zinemaldian arrakastaz aurkeztu ostean, gaur, egubakoitza, estreinatzen da zinema areto komertzialetan Bertsolari, Asier Altunaren lehen bakarkako film luzea. Gurean, Arrasaten. Amaia antzokian izango dira Altuna bera eta Jon Sarasua, filmeko protagonistetako bat.

Jo eta ke Bertsolari filmaren aurre-estreinaldiarekin, ezta?
Bai, jendea zinema aretoetara erakartzeko ahalegin guztiak egiten dihardugu, ez da samurra-eta, eguraldi honekin, gainera… Filma ikustera etorri dena oso gustura atera da, baina, akaso, zailena horixe da, zinema aretoetara eroatea ikusleak.

Gaur helduko da Arrasatera, gainerako zinema areto komertzialetara bezala, eta bertan izango zaitugu, Jon Sarasuarekin batera.
Bai, bailarako bi, Amaia antzokian. Filmaren ostean han izango gara ikus-entzuleen galderak erantzuteko prest. Jon Sarasuak protagonismo handia hartu du filmean. Asko dauka esateko. Testigantza oso interesgarriak jaso ditut Sarasuaren ahotik. Elkarrizketa luzea egin nion, baina beste batzuei ere bai; azkeneko muntaian, haren berbak nabarmendu dira, ordea.

Zinemaldian estreinatu eta kritika onak jaso zenituzten. Pozik?
Kritikak oso onak izan dira. Ikusi duenari gustatu egin zaio; hala aitortu du. Erraz ikusten den filma da. Hasieratik bukaerara, segituan igarotzen da. Hunkitu egiten du eta ikusi eta entzun duenarekin harrituta irteten da jendea zinema aretotik. Hala sumatu dut filma ikusi dutenen aurpegietan. Bertsolaritzaren gaineko filma da eta aurreiritziekin joan daiteke norbait zinema aretoetara, baina irteterakoan gustura pasatu duela nabari dut.

Euskal Herritik kanpoko kritikariek zelan hartu zuten?
Askok aitortu didate, lehenengo aldiz, bertsolaritza beste begi batzuekin ikusi dutela.

Zer esan dizute bertsolaritza ezagutu ez, edo oso bertsozaleak izan ez, eta filma ikusteko aukera izan dutenek?
Batzuk harritu egiten dira bertsolarien jarduna existitze hutsarekin. Madrilgo jendearekin test modukoak egin genituen, ikusteko ze iritzi zuten, eta jendeak harriduraz hartu zuen. Baina batek edo bestek aipatzen zuen bere herrian, bere amak ere aipatzen ziola bazela ahozko tradizioan, bertsolarien antzeko zerbait… Harritzen dira BEC aretoko finaleko irudiekin: 14.000 lagun bertso saioa jarraitzen egun osoan… Bertsoak, irudi bereziak, metaforak… erabili ditut lortze aldera ederrago edo erakargarriago egiteko.

Bertsolariek eta bertsoaren mundukoek txalo artean hartu zuten.
Bai, hunkituta zeuden erabat, eta oso eskertuta. Opari moduan hartu dute bertsolariek. Oso dokumentu beharrezko moduan hartu dute, munduan ezagutzeko bertsolaritza zer den. Besarkadak, malkoak, poz aurpegiak… ikusi nituen bertsolari eta bertsozaleen aldetik estreinaldi egunean Zinemaldian.

Euskal Herritik kanpo, non estreinatuko da?
Urriaren 14an estreinatzen dugu Euskal Herrian eta Madrilen eta Bartzelonan. Bi kopia daroatzagu hara. Zinema areto independentea programatzen den gelak dira.

Aipatu izan duzu edozeinek ulertzeko eta gustura ikusteko modukoa dela filma. Zergatik?
Ez nekien zelakoa aterako zitzaidan. Bertsolaritza ezagutarazi nahi nuen eta ezagutzen ez dutenengana heldu. Hortik aurrera, ekinak markatu dit bidea. Hasieran, Andoni Egaña aukeratu nuen filmeko protagonista izateko. Balio bat eman nahi nion filmari eta hori Egañak eman zidan. Kontua zen txapela galduko ote zuen. Hortik aurrera, testigantzak grabatu ahala, gidoia lantzen joan naiz. Sarasuak esaten bazidan bertsolariek bertigoa bilatzen dutela, bada, ni hori irudi bitartez islatzen saiatzen nintzen… Hala osatu dut pelikula. Muntaiaren denboran idatzi nuen gidoia.

Bat-batekotasuna?
Bai, dokumentalak uzten dizu hori egiten. Baina, behin muntaiara ailegatzen zarenean, gidoia zehatz jarraitu behar duzu; bestela, kaos bihur daiteke eta muntatzailea zoratu egin daiteke.

Manu Muniategiandikotxea bergararrak egin du Bertsolari iragartzeko kartela…
Bai, Manurekin berriketa asko egindakoa naiz, baina ez dut inoiz lan egin harekin. Eta oso gustura geratu naiz egin duenarekin. Oso kartel polita, grafikoa, egin du: kartela dago zuri-beltzean egina, apaingarririk gabea, doia da. Eta islatzen du amildegia, funanbulista hariaren gainean…  Ondo islatzen du filmaren eta bertsolaritzaren espiritua.

Egañaren ordez Lujanbiok txapelketa nagusia irabazi izanak gehigarri bat eman dio filmari?
Egia esan, bai. Historikoa izan zen azkeneko txapelketako finala. Adina, generoa… dena zen berria txapeldunarengan. Maialen Lujanbiok, berez ere, baditu konnotazio bereziak… Egañak, 16 urteren ostean, txapela galdu izanak eman zion balio erantsia filmari, baina, bestalde, azken buruz burukorako sailkatu ez izanak pena handia eman zidan. Filmeko protagonista, azken txandatik, klimaxetik, kanpo.

Miren Amuritza deskubrimendua izan da?
Bertsolaritza, gaur egun, da oso femeninoa eta oso gaztea. Bertso eskoletan-eta neskak dira nagusi. Bertsolaritza emakumeena da gaur egun. Eta hori irudikatzeko, Miren Amuritza oso aproposa izan da. Plazer hutsa izan da harekin lan egitea.

Nondik lortu dituzu sosak proiektu honi aurre egiteko?
Euskal erakundeen babesa izan dugu, Espainiatik-eta ez da etorri ezer. Eusko Jaurlaritza, ETB eta Kutxa hasieratik sartu dira proiektuan. Eta eskerrak! Bestela, ez genuen aurrera egingo. Horien ondoren etorri dira Vital Kutxa eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Pelikula handinahiz egina da, zentzu onean; hau da, aurrekontu justuarekin, baina baliabide tekniko egokiak erabilita: buru beroak…

Telmo Esnalek ere Zinemaldian estreinatu zuen bere lehen bakarkako luzea. Gustatu zaizu Urte berri on, amona!?
Bai. Oso polita izan da aurtengo Zinemaldian gu bion filmak aurkeztu izana. Nor bere proposamenekin, lan txukunekin, Zinemaldian… ezin gehiago eskatu.

Zinema euskaraz egiteak aukerak murriztu ala zabaldu egiten ditu?
Bueno, Madrilen ez dabiltza film askorik egiten. Hemen egin dira apur batzuk. Hizkuntzarena aukera naturala da. Euskaraz pentsatzen dugu, euskaraz bizi gara eta hala planteatzen ditugu gure proiektuak ere, beste ezeri begiratu barik. Eta, oraingoz, aukera izan dugu lan egiteko.

Etorkizunari begira, proiekturik bai esku artean?
Film laburrak egin nahi ditut, asko gustatzen zait-eta, baina film luzeren bat ere egin beharko dut hemendik bizi izaten jarraitu nahi badut. Orain, hala ere, Bertsolari saltzearekin badaukat nahiko lan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak