Arrainak eta ahateak hilik agertu dira Deba ibaian

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urr. 11a, 17:56

Azkeneko egunotan hilda agertu dira ahateak eta arrainak Deba ibaian, Bergaran. Elorregitik behera. Lehenengo, ahateak; egun batzuk geroago, arrainak. Agintariek ez dakite zein den ibaiko fauna hilik agertzeko arrazoia. Bergarako udaltzainek SOS Deiara deitu, Foru Aldundiko teknikariak etorri, animaliak hartu eta aztertzera eroan, ibaiaren uraren laginak hartu… Hori dena egin dute; emaitzen zain daude udaletxean.

Agintariek ez dute, oraingoz, arrazoien berri eman, gaiarekiko kezka agertu duten arren. "Bergarako Udala Deba ibaian azaldu diren hildako ahateekin arduratuta azaldu da" irakur daiteke Bergarako Udalaren webgunean. Eta beste hau: "Udalak ez daki zein izan daitekeen gertakizun honen arrazoia, hori dela eta Ur-Agentziara, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Gipuzkoako Ur Kontsortziora idatzia bidali du informazioa eskatuz".

Edozelan ere, zurrumurruak asko dira kalean, baina ez dago ezer zehatzik: kontrolatu bareko isurketa baten ondorioz hil direla; sikatearen ondorio eta ibaian ur gutxi dagoelako dela; Epeleko araztegian frogak egiten ibili direlako dela… Denetik entzuten da kalean, baina, berriro diogu, animaliok hilik ageri izanaren arrazoi zehatzik ez dago oraingoz.  

Irakurle baten idatzia

Jesus Mari Barrutia bergararrak, albistean ageri diren argazkiok helarazi dizkigu. Eta, argazkiekin testu hau. Osorik hemen jarri dugu:

"Gezurra dirudi, baina gure Deba ibaia borrokatzen ari da bere bizitza berreskuratzeko. Hala eta guztiz ere, esan behar da zer egin horretan ez diogula ez gehiegi laguntzen.

Badira aste batzuk Bergarako ibaian zebiltzan ahate ia guztiak hil zirela. Ba, aste honetan, arrain piloa azaldu da hilik (loinak, amuarrainak, angirak etab). Aitortu behar dut pena handiz ikusi ditudala, baina sentsazio gazi-gozoa izan dudala, ez bainuen uste horrelako arrainik gure errekan egongo zirenik.

Kalean jendea haserre. Zeinek bota du zer? Ikerketarik egin ahal da? Denetik entzun daiteke. Noiz arte isurketa pozoitsuak? Noiz arte inpunitate hori?

Batzuendako arrazoia sinplea da: euri gutxi egin du azken asteotan eta oso ur gutxirekin dator ibaia.

Txangalako errekatxoan ere oso ur gutxi dago, baina han amuarrainak pozik bizi dira. Gure eskualdeko eta herriko inguru giroko arduradunak zer diote honen gainean? Benetan herritarrek esplikazio bat entzun nahi dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak