Arcelor Mittaleko enpresa batzordea etorkizunarekin kezkati: "Lantegiaren alde egingo dugu, ez dugu etsiko"

Leire Kortabarria 2011ko mai. 3a, 18:51

Arcelor Mittalek Bergaran duen lantokiaren "egoera larriaren" harira eta taldeko Zuzendaritzak Bergarako altzairutegia aldi batez ixteko azaldu duen erabakia dela eta, Bergarako lantegiko enpresa batzordeak (4 LAB, 4 ELA, 1 CCOO) aho bateko adierazpena egin du. "Bergarako lantegiaren itxiera eragotziko dituen erabakiak har daitezen Zuzendaritza konbentzitu nahian, eta mende bat baino gehiagoko historia duen lantegi honen aldeko erakundeen konpromisoa lortu arte" ez dutela "etsiko", horixe da euren mezua.

Adierazpenean, enpresa batzordeak hainbat zehaztapen egin eta hainbat datu ematen ditu.

"Lehenengo eta behin, taldeko Zuzendaritzak esan zigun merkatuetan zegoen altzairu eskaerak, gutxi gorabehera, %50ean egin zuela behera Zumarragako eta Bergarako lantokietan", esaten dute langileen ordezkariek.

Bi lekuak 14 kilometrora zeudenez elkarrekiko, "logikoena" altzairutegi bat izatea zela gaineratu zuen zuzendaritzak, "gastu finkoetan aurrezpen nabarmena" lortzeko; eta Zumarragakoa hautatu zuten, eta arrazoietako bat zen "Zumarragako ekoizpen gaitasuna 930 mila tonakoa zen, aldiz, Bergaran, 800 mila tona ekoitz" zitezkeela.

Horren aurrean, enpresa batzordeak esaten du "2010. urtean, Zumarragako Altzairutegian, urte osoan, etenik gabe eta eguneko 24 ordutan egin dugula lan eta ekoizpena 730 mila tonetakoa izan dela. Taldeko Zuzendaritzak egin zituen aurreikuspenekin alderatuz, 200 mila tonetako alde honek berekin ekarri du hiru ijezketa-trenek gerarazi behar izan dutela askotan materialik ez zutelako, edota are okerragoa dena, bestetan, hiru ijezketako langileak Enplegua Erregulatzeko Espedienteak ezarri izan dizkietela.

Zer fidagarritasun izan dezake zuzendaritzak horren nabarmenki huts egiten duenean beren aurreikuspenetan?", galdetzen dute sindikatuek. Gaineratzen dutenez, erabaki hartatik etorritako beste behar batzuek eragin dute "azken produktuaren kostua nabarmenki handitu izana".

"Bergarako Arcelor Mittalek, 2008. urtera arte, konpainiak merkataritza-erregistroari aurkeztu zizkion kontuen arabera, ekitaldi guztietan oso mozkin handiak izan zituen. 2009. urteaz geroztik, Altzairutegia ixtearekin batera, konpainia dirua galtzen hasi zen", esaten dute.

Gainera, Bergaran zeuden zuzendaritza, administrazioa eta beste hainbat zerbitzu eta langile Zumarragara eraman dituzte, eta horren ondorioz, "plantilla herenean murriztu dute aldi honetan".

Zuzendariarekin batzarra noiz egingo zain

"Arrazoi hauek direla eta, batzorde honek duela urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailburuari hitzordua, tamalez, ez digute erantzun ere egin.

Ez dugu ulertzen nolatan gobernu hau, zergadun guztion diruarekin, multinazional honen proiektuei diru-laguntzak ematen ari zaizkien eskualdeko enpresarik adierazgarrienetakoa itxi dezaten, eta bien bitartean, ez duen asmorik azaldu langileen ordezkariekin elkartzeko.

Horren kezkatuak gaude Europako Arcelor Mittal Largoseko arduraduna den Arnaud Pouparri biltzeko eskaera egin diogula; aipatu bilera Apirilean egingo genuela zirudien arren eta zentzuzko justifikaziorik eman gabe, atzeratu dute bilera", azaltzen du enpresa batzordeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak