Gipuzkoako zikloturismo probak kolokan

Xabier Urtzelai 2011ko ots. 18a, 11:07

Zikloturista gehienak kilometroak pilatzen hasi diren honetan iritsi da albiste txarra, izan ere, oraingoz kolokan daude Gipuzkoako Challenge barruan egiten diren hamaika probak, tartean Bergarako 5+3 zikloturista proba.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudi berri bat tarteko, proba zikloturistak txirrindularitzako gainontzeko lasterketekin bateratu dituzte (amateur mailakoak, 23 urtez azpikoak, gazte mailakoak...). Horrek esan nahi du martxa zikloturista bakoitza zaintzen Ertzaintza egon beharko dela, eta hor dago arazoa. Baina arazoa ez da polizia zaintza lanetan egongo dela, kontrara, azken urteotan zirkulazioko arau hauste bat baino gehiago egon delako arazoak izan dituzte antolatzaileek, eta eurak dira, askotan, Ertzaintzaren prezentzia gehien eskertzen dutenak. Arazoa da ez dagoela nahikoa ertzain proba guztiak jarraitzeko, edo hori egiteak gastu handia suposatzen duela, Herrizaingo Sailaren arabera. Arazoa, baina, hori baino korapilotsuagoa da, araudiak dioelako asteburu bakoitzeko, lurraldeka, ezin direla lau lasterketa baino gehiago egin. Hala, zikloturismo martxak lasterketen multzo berean sartu dituztenez, egutegian ez dago denendako tokirik.

Bergarakoak, haserre
Debagoienean proba zikloturista bakarra dago, iaz lehenengoz egin zuten Bergarako 5+3 proba: "Maiatzaren 1ean antolatu nahi genuen gure proba, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta dena zintzilik dago. Otsail hasieran premiazko batzar batera deitu gintuen federazioak, Herrizaingo Saileko trafiko departamendukoekin izandako batzarraren berri eman ziguten, baina ordutik ez dakigu ezer ere ez", adierazi digu Unai Asurmendik. "Alde horretatik, gure haserrea adierazi nahi dugu, antolatzaile garen aldetik ez dugulako informaziorik jaso, eta egunak aurrera doazelako".

Araudiak bere horretan jarraitzen badu, denendako lekua ez dagoenez federazioek lasterketen hitzorduak lehenetsiko dituzte, harrobiko ziklismoa sustatzeko, baina ordainean proba zikloturistak alde batera uztea hanka-sartze handia izango litzateke: "Gipuzkoan bertan 3.500 zikloturista federatu inguru daudelako, eta, Gipuzkoan gehien praktikatzen den kirolen artean dagoelako".
Hala, ikusteko dago ze konponbide duen arazo honek, baina denboraldi hasiera gainean dago –Zumarragan da lehen proba, apirilaren 3an– eta ez dirudi konponbide erraza duenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak