Mailako talderik "osoena" hartuko du Soraluce BKEk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko ots. 11a, 10:00

Partidu zaila izango du zapatuan Soraluce BKE eskubaloi taldeak. Sailkapenean bigarren postuan dagoen Gasteizko Corazonistas BM taldea hartuko dute Labegaraietan (17:30).

Josetxo Muniategi talde bergararraren entrenatzaileak adierazi duenez, mailako talderik "osoena" dira: "Oso talde sendoa da, nire ustez, mailako osoena. Onena agian ez, baina bai osoena. Jokalari beteranoak eta gazteak oso ondo bateratu dituzte eta, gainera, jokalari zerrenda luzea dute".

Partidu borobila egin behar
Beraz, partidu borobila egitera kondenatuta daude mahoneroak: "Oso ondo jokatu beharko dugu gasteiztarrei min egiteko. Partidu ona jokatuta ere galdu egin dezakegu. Gakoa izango da azkenaldian egiten ari garen defentsa mantendu eta kontraerasoan bizkor irtetea".
Lehen itzuliko norgehiagokan errepaso galanta jaso zuten bergararrek Gasteizen jokatutako partiduan (34-17). Hala ere, Muniategik dio ez zela ohiko partidua izan: "Garai hartan jokalari gutxi genuen, lesioak eta beste arrazoi batzuk tarteko. Emaitza  ez zen erreala izan".
Jipoi galantza izan zenik ezin ukatu. Hala, errebantxarako aukera paregabea izango du bihar Soraluce BKEk, orduko arantza kentzen saiatuko dira. Gainera, Bergarako taldeak badaki zer den goiko postuetako taldeen aurka emaitza onak lortzea.

Kantxa bera, erabakigarria?
Azken jardunaldian garaipen garrantzitsua ekarri zuten Hondarribiatik (25-31). Behin eta berriz adierazi du Muniategik kanpoan irabaztea asko kostatzen zaiela. Hortaz, Hondarribiako partidutik bi puntu ekartzeaz gain, psikologikoki ere indartu egin da taldea: "Partidu ona egin genuen eta merezimenduz lortu genuen garaipena. Kanpoan irabazteak taldeari psikologikoki ere lagundu dio". Bestalde, kantxaren egoerak taldearen jokoan eragiten duela uste du mahoneroen entrenatzaileak: "Joko onaz gain, kantxaren egoera onak zerikusia izan zuela uste dut. Egur ona duten kantxetan hobeto moldatzen gara, eta Hondarribiakoa Labegaraietakoa moduko kantxa da. Pilotalekuetan eta harrizko kantxa gogorretan, berriz, ez dugu horren ondo jokatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak