Lobo Electrico eta NCC Txapa Irratiaren urteko lehen musika hitzorduan

Maider Arregi 2011ko ots. 2a, 12:30

Lobo Electrico eta Nuevo Catecismo Catolico taldeen emanaldia iragarri du Txapa Irratiak otsailaren 19rako. Martxoaren 19an, berriz, Fiachras bergararrak eta Norman eibartarren rock psikodelikoa zuzenean entzuteko aukera izango da Bergarako gaztetxean. Apirilaren 2an Bizardunak talde nafarra etorriko da. Kontzertuak zuzenean entzuteko aukera izango da Txapa Irratian, FMko 97.20an, eta Interneten: www.txapairratia.org

Hamarkada luzea bete du dagoeneko Lobo Electricok: 1999an sortutako taldea da eta 2002koa da tolosarren lehen  grabazioa: Bonbereneak kaleratutako Oztopo guztien gainetik bilduman Agujeros de gloria abestiarekin hartu zuten parte. Handik bi urtera, 2002an, El lado salvaje del corazón eta Demonios sofisticados kantuak batzen zituen singlea eman zuten argitara. Eta urte berekoa da haien lehenbiziko diskoa, Has visto al lobo eléctrico? izenburukoa. Artefactos mágicos da haien azken lana, iazkoa. Castellon grabatu eta Kaki Arkarazok Andoaingo Garate estudioetan nahastutako lana da. Gaur egun Dr.Magmak (ahotsa), Perrolobok (baxua), Iki Peligrok (gitarra) eta Guanchek (bateria) osatzen dute taldea.


Nuevo Catecismo Catolico taldeari dagokionez, talde ezaguna da gurean, behin baino gehiagotan jo baitute Bergaran zein inguruko herrietan. 1992an, La Perrera taldea desegin ostean Donostian sortutakoa, 1530 segundos de... Nuevo Catecismo Católico da haien azken lana, 2006koa. Arturo Ibañez (gitarra eta ahotsa), Gonzalo Ibañez (ahotsa), Arturo Zumalabe (bateria), Iker Ilarramendi (gitarra) eta Eneko Etxeandia (ahotsa) dira taldeko kideak. Donostiarrek talde askorekin jo izan dute; besteak beste, Supersuckers, Sex Museum eta Hellacopters-ekin, hain zuzen. Eta, era berean, hainbat bilduma-diskotan hartu dute parte.

Martxoaren 19an, Fiachras

Goian aipatutakoa ez da Txaparen musika hitzordu bakarra izango: martxoaren 19an Fiachras eta Norman taldeen txanda izango da, eta apirilaren 2an, Bizardunak izango da gaztetxean, nafarrekin batera arituko den taldea guztiz konfirmatuta ez badago ere. Azkenik, maiatzaren 14an Willis Drummondek joko du gaztetxean.
Kontzertu guztiak gaztetxean izango dira, 22:30ean, eta sarrerak 5 eurotan izango dira salgai. Era berean, kontzertuak zuzenean entzuteko aukera izango da Txapa Irratian, FMko 97.20an, eta Interneten: www.txapairratia.org

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak