Otxoan dokumentalak Otxoa Hondarribiko janari denda txikiaren erretratua egin du. Iaz itxi zen denda eta zabalik egondako azken urtean egin zuten grabazioa. Giza harremanei erreparatzen die, batik bat, dokumentalak. Saltoki handietan eta auzoko denda txikietan erostearen artean dauden ezberdintasunen artean gogoeta egitera garamatza. Otxoa ixtearekin bat, bizimodu eta garai bat ere atzean utzi da.
Proiektu xumea da zuzendariarendako
Silvia Mendibilendako Otxoan proiektu xumea da. Dendaren egunerokotasuna erakuste horretan giza harremanen garrantzia azpimarratu du. "Halaber, belaunaldi berriei desagertzear dagoen erosteko modua erakusteko bidea ere
bada", azaldu du egileak.
"Helburu bikoitza du dokumentalak", esan du. "Batetik, bizimodu bat erakustea eta bestetik, denda honetan bizitza guztian sartuta egon diren dendariei omenaldia egitea".