Ipintzako Ingurumen Batzordea: "Ingurumen heziketa eguneroko erronka da eta ahuleziak gainditu eta konpromisoa sendotu behar dugu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko urt. 28a, 14:26

Ipintza Institutuak Eskola Jasangarriaren ziurtagiria jaso du Agenda 21 programaren barruan egindako lanarengatik. Hori ospatzeko, ekitaldia egin dute eta ingurumen heziketan lanean jarraituko dutela esan dute.

Aurreko ikasturtearen bukaeran, Batzorde ebaluatzaileak Bergarako Ipintza Institutuari Eskola Jasangarriaren ziurtagiria ematea erabaki zuen, Agenda 21 programaren barruan egindako lanarengatik.

Ipintzan, duela 6 urte hasi ziren Agenda 21 proiektuarekin. Ordutik hona, ingurumenarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu dituzte -ura, hondakinak, energia...- diagnostikoak landuz, baliabide-kudeaketa hobetzeko jarduerak garatuz eta ingurumenarekiko konpromisoa bultzatuz, ikastetxe zein herri mailan.

Ziurtagiria jaso dutela ospatzeko, ekitaldia egin dute goizean. Bertan izan da, besteak beste, Agurne Barruso Bergarako alkatea eta esan du Udalaren helburuetariko bat ere horixe dela: herria jasangarri bihurtzea eta horretarako urrats garrantzitsua izan dela Ipintzak egindakoa.

Agenda 21 proiektuan 2005etik gaur arte lan handia egin dute institutuan, eta jaso dute horren erakusgarri den ziurtagiria. Hala ere, Ingurumen Batzordekoek esan dute ingurumen heziketa eguneroko erronka dela, eta lanean jarraituko dutela.

IRAES 21

Euskal Autonomia Erkidegoan saritutako ikastetxeek, horien artean baita Aretxabaletako Kurtzebarri herri eskolak ere, IRAES 21 Eskola Jasangarriaren sarean parte hartuko dute; plataforma horren bidez, ingurumen gaiei buruzko informazioa eta esperientziak trukatzeko aukera izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak