Mikel Ibartzabal: ametsezko munduen eraikitzaile bergararra

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urt. 29a, 22:39

Bolumenezko figurak, hori da Mikel Ibartzabalek (Bergara, 37 urte) egiten duena. Era guztietako panpinak, dekoratuak eta formak egiten ditu Paulo Elkoro bazkidearekin batera duen Pilpira enpresan: erraldoiak, buruhandiak, txotxongiloak, telebistarako atrezzoa... "Adibidez, Vaya semanita eta Wazenmak-eko dekoratuak guk egiten ditugu", azaldu du Ibartzabalek.

Umetatik du Ibartzabalek txotxongiloekiko eta panpinekiko zaletasuna. "Umeak ginela Bergaran hankapalu talde bat sortu genuen, eta orduan hasi zen dena: gure maskarak egiten genituen  eta antzezten ibiltzen ginen, kalerik kale", gogoratu du bergararrak.

Gerora, autonomo moduan hasi zen lanean, eta 12 urte eman zituen horrela. Orain dela bi urte, berriz, Elkororen laguntzarekin Pilpira sortu zuen.
Ibartzabalek azaldu du bera eraikitzailea dela. Hori da haren lana, hain zuzen ere: materialean forma eta bolumen ezberdinak eraikitzea.

Erabiltzen duten materiala

"Hainbat material erabiltzen ditugu figurak egiteko; baina gehien erabiltzen ditugunak latexa, goma-aparra eta beira-zuntza dira", azaldu du Ibartzabalek, erabiltzen duten materialaz galdetuta.
Egiten dituzten figurak egiteko zenbat denbora ematen duten zehaztea ez dela samurra esan digu: "Adibidez, furgoneta baten tamaina duen barraskilo bat egiteko bi aste eta erdi behar ditugu; eta ur botila baten tamaina duen gitarra-jotzaile bat egiteko ere denbora bera eman dezakegu. Detaileen arabera izaten da hori", dio. Horren harira gaineratu du  produktu baten aurrekontuaren %15 bakarrik dela materiala; hortaz, tamainaz oso ezberdinak diren bi produktuk prezio antzerakoa izan dezaketela, horiek egiten pasa duten denbora antzerakoa izan bada. Adibidez, Katilukadak antzezlaneko Katilu egiteko bi aste behar izan zituztela azaldu du.
Batez ere, jaietako karrozak  eta antzerkietarako dekoratuak egiten dituzte.

KutxaGunerako lanak

Ibartzabalek egin dituen lanen artean daude KutxaGuneko hainbat gai; besteak beste, unibertsoko planetak eskalan egin ditu, eta baita arrokak eta sumendiak ere. Horiez gain, goiko irudietan ikusten denez, buruhandiak, erraldoiak eta hainbat pertsonaia mitologiko egin dituzte: basajauna, esaterako. Baita Baskonia taldeko Aker pertsonaia ezaguna ere.
Azaldu du azkenaldian kultura sailek izan dituzten aurrekontu murrizketak direla-eta lan eskaera gutxiago dituztela. Eskulanaz gain, sormena ere lantzen dute: "Jendeak dituen ideiak praktikara eramateko ahalmena daukagu", gaineratu du artista bergararrak.

Txotxongiloak, Ibartzabalen beste zaletasun bat

Pilpiran egiten duen lanaz gain, bergararrak beste lagun batzuekin batera txotxongilo ikuskizunak ere egiten ditu. Aitor Ormaetxea Kukubiltxoko kidearekin egin du Katilukadak azken lana. "Txotxongilo guztiak nik egin ditut, eta gidoiarekin eta musikarekin ere gu arduratu gara", azaldu du. Zapatuan Bergaran egin zuten emanaldiarekin oso gustura geratu da Ibartzabal.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak