Isunak garestiagoak izango dira irailetik aurrera

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko uzt. 13a, 18:23
Udaltzainek ere gida baimeneko puntuak kentzeko ahalmena dute eta isunarekin batera adieraziko dute horrela gertatzen denean.

Datorren irailaren 1etik aurrera, zirkulazio isunak garestiagoak izango dira. Zirkulazioko lege berriari egokitzeko udal ordenantzatan hainbat aldaketa egitea onartu du udalbatzak eta irailetik aurrera hasiko dira aldaketa horiek aplikatzen.

Merkeena 20 euro, garestiena 301 euro

Oinarrizko aldaketa da isunak hiru mailetan sailkatu dituztela eta maila bakoitzak bere zenbatekoa duela. Arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke isunak. Arinek, 20 euroko zigorra dute, orain, 18 euro; isun larriak 100 eurokin zigortuko dituzte, orain 30 eurokin; oso larriek 301 euroko zigorra izango dute, egun 90 euro.

Gutxiago epe barruan

Isun larriak izango dira, adibidez: aparkatu ezin daitekeen tokietan aparkatzea; semaforoak ez errespetatzea; debekatutako zentzu aldaketak egitea; oinezko guneetan zirkulatzea; seinaleak ez errespetatzea edo kaskorik ez eramatea. Isun oso larriak dira, adibidez: kontrako norabidean zirkulatzea, alkoholeko tasak gainditzea eta abiadurak baimendutakoa baino %50 handiagoa izatea.

Isunaren jakinarazpena egin eta hurrengo 30 egunen barruan ordainduz gero, %30eko beherapena izango du zigorrak.

Puntuak

Isuna puntuak kentzeko bestekoa bada, ohar bat idatziko dute udaltzainek isunean, dagokionari jakinarazteko. Isuna trafikora bidaliko dute eta trafiko sailak kenduko dizkio gero puntuak dagokion horri. Uztailean hasi dira puntuak kentzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak