Euskara Biziberritzeko Plana aurkeztuko zaie herriko 77 elkarteei

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko eka. 9a, 14:55
Aisialdiko, kiroleko, kulturgintzako eta erlijioko elkarteak dira, gazteen artean euskara bultzatzeko ahalegina egin nahi dutelako.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia abiarazi du Udaleko Euskara Zerbitzuak Emun Hizkuntza Aholkularitzarekin batera. Herriko lau esparru ezberdinetan aplikatuko dute eta beharraren araberako plana diseinatuko dute.

Herriko 77 talde

Aisialdia, kulturgintza, erlijioa eta kirola dira euskara bultzatzeko aukeratu dituzten esparruak. Guztira herriko 77 talde sartzen dira lau esparru horietan eta talde horiekin egingo dute lana Emuneko Larraitz Trojaolak eta Udaleko Euskara Zerbitzuko Maripi Laskurainek. Lau esparru horietan lana egiten duten 77 elkarteekin hitz egingo dute lehendabizi bi lagun horiek eta euren asmoa zein den azalduko diete: talde barruan euskararen diagnostikoa zein den aztertzea eta hori hobetzeko plan bat diseinatzea.

Diagnostikoa

Taldeek eurek erabakiko dute euskara indartu nahi duten edo ez eta eurek esango dute Euskara Biziberritzeko Plana jarraitzeko gertu dauden edo ez. Ez dute inor behartuko. Taldeak eskaintzari baiezkoa ematen badio, talde barruan euskara nola eta zenbat erabiltzen duten aztertzen hasiko dira. "Ekainean egingo dugu hori. Jakin nahi dugu elkarte barruan euskaraz hitz egiten duten eta egiten dituzten ekintzetan zenbaterainoko garrantzia eta erabilpena ematen dioten euskarari", dio Larraitz Trojaolak. "Uztailean eta irailean emaitza horiek aztertuko ditugu eta definituko ditugu elkarte bakoitzerako euskara planak", jarraitu du. Hiru urtetako planak dira.

Euskaraz daki %93ak

Aisialdia, kulturgintza, erlijioa eta kirola esparruak aukeratu dituzte gazte asko batzen dituzten esparruak direlako eta gazteen artean euskara bultzatzeko ahalegina egin nahi dutelako. Datuen eta ikerketen arabera, 30 urte azpiko bergararren %93ak ondo daki euskaraz. Euskararen normalizazioan lagundu nahi dute Emunek eta udalak proiektu honekin. "Askok uste dute nahikoa dela euskara eskolan bakarrik ikasita, baina hori ez da horrela, eguneroko bizimoduan eta esparru guztietan egin behar dugu euskara", dio Larraitz Trojaolak. "Eskola orduetatik kanpoko ekintzetan beste hizkuntza bat erabiltzen dugu askotan eta horrek ez du zertan izan behar horrela, saiatu behar gara ekintza horietan ere euskaraz hitz egiten", dio.

Hiru urteko plana

Ahalegin hori gauzatzeko, hiru urteko euskara plana diseinatuko dute talde bakoitzarendako, "bakoitzak bere behar propioak izango ditu eta", dio Larraitzek. "Adibidez, talde batzuetan terminologia falta izango da euskara ez erabiltzearen arrazoi nagusia, eta saiatuko gara huts hori betetzen duen plan bat egiten; beste kasutan, ordea, ikusten badugu normalean euskaraz hitz eta lan egiten dutela, azaleko jarraipena baino ez diegu egingo", azaldu du Emuneko teknikariak. Beharraren araberako plana udako oporren ostean hasiko dira aplikatzen herriko taldeetan eta Larraitz eta Maripi izango dira plan horien jarraipena egingo dutenak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak