Hasiberri zein aditu, perretxiko sorta polita batu zuten Jardun elkartekoek zapatuan

A.G. 2005ko urr. 10a, 11:24
Mikologian adituekin, Leintz Gatzagako mendi inguruetan ibili ziren perretxiko bila zapatuan Bergarako Jardun elkartekoak.

Mikologia astearekin amaitzeko, perretxikoak batzeko irteera egin zuten Jardun elkartekoek zapatuan. Hasiberri edota aditu, taldetan banatuta Leintz Gatzagako mendi inguruetan ibili ziren euskara elkartekoak perretxiku eta onddo bila.

Mikologiarekin lotutako jardunaldi bi egin dituzte oraingo astean Bergaran. Iaz antolatutako hitzaldiak izandako arrakasta ikusita, jardunaldiak aurten irteera batekin osatzea otu zitzaien Jardunekoei.

Eguenean Joxe Mari Larrañaga eta Luis Ezenarro adituek berbaldia egin zuten eta zapatuan, ikasitakoak frogatzeko, mendi-ostera egin zuten aditu biekin batera.

Goizeko zortzietan abiatu ziren Bergaratik perretxikozaleak, hamasei bat lagun; Bergaratik zein kanpotik animatu zen jendea, Arrasatetik eta Elgoibartik, hain zuzen ere. Gatzagako Marisa jatetxeko inguruak aukeratu zituzten bilketarako eta parte-hartzaileek ikusten zituzten ale guztiak batu behar izan zituzten, gero denek batera, sailkatu eta ikusi ahal izateko.

Otzarak banatu eta talde txikitan abiatu ziren basoan barrena. Taldeetan denetariko jendea batu zen. Perretxikozaleez gain, inoiz ibili bariko, baina interesa duen jende asko batu zen bilketara eta hasiberrien taldea ere osatu ahal izan zuten.

Horiez gain, bertan izan ziren Joxe Mari Larrañaga eta Luis Ezenarro, behar zutenei aholkua eman eta bilaketan laguntzeko. Bi adituek aipatu zutenez, harrituta zeuden jasotako kopuruarekin. Izan ere, oraindik lehorte apur bat dago basoetan eta beldurra zeukaten oraindik perretxikorik aterako ez ote zen. Zortea izan zuten, beraz, Gatzaga aldean ibili zirenek.

Nerea Mendizabal, Jarduneko kideak aipatu digunez, "perretxiko nahikotxo" jaso zituzten zapatuan, gibelurdin eta onddoak batez ere. Antolatzaileak ere pozik, beraz. Aipatu bezala, egitasmo honek helburu didaktikoak ere bazituen.

Parte-hartzaileek aurkitutako perretxiko eta onddo guztiak batzeko agindua zeukaten-eta, nahiz eta txar itxura ikusi. Izan ere, bilketarekin amaitutakoan, adituekin batera sailkatu behar izan zituzten aleak eta txarrak zein onak bereizten ikasi. Hasiberriek, gainera, galdera piloa izan zuten orduantxe adituei egiteko eta ez zuten aukera alperrik galdu.

Azkenean, kopuru polita batu zuten hiru ordutan eta banatutako 10 otzaretan jaso zituzten perretxikoak. Antolatzaileak, beraz, jasotako erantzunarekin oso pozik daude, hitzaldira joateaz gain, txangora ere jende asko animatu delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak