Eguaztenean, hilaren 7an, Osintxuko auzotarrek bertan behera laga zuten zubia eraikitzearen atzeratzea zela-eta, deitutako protesta ekitaldia. Luis Mari Alberdi Osintxuko auzo alkatearen arabera, eguaztenean bertan agindu zieten zubi berria egiteko lanak astelehenean, hilaren 12an, hastekoak zirela.
Atzerapen ugari
Osintxuko auzotarrek aspalditik eskatu dute zubia berria egitea, gaur egun tona askotako kamioak pasatzen direlako zubi zaharretik. Hain zuzen ere, orain dela urtebete ere protesta ekitaldia egin zuten auzotarrek, lanak hasten ez zirelako.
Bergarako Udalak eta Soraluce enpresak 2002ko ekainean sinatu zuten hitzarmena. Enpresa handitzearen truke, Soralucek bere gain hartuko luke zubi berria eraikitzeko lanak. Kontuak kontu, aipatutako proiektuak atzerapen ugari izan ditu. Soraluce enpresako iturrien arabera, enpresa ez da atzerapenaren erruduna. Erakunde ezberdinen aldetik beharrezko baimenak ez dira etorri eta hori dela eta proiektua atzeratzen joan da behin eta berriz.
35 metroko zubia
Esandako moduan, astelehenean hasiko dira zubi berria egiteko lanak. Proiektuak milioi bat euro inguruko aurrekontua dauka eta lanek, hasiera baten, bost hilabete iraungo dute.
Altuna y Uria enpresak burutuko ditu zubi berriko lanak. Zubi berria Gerondo parean eraikiko dute eta 35 metroko luzera izango du.