Besteak beste, Victoriano Gallastegi Bergarako alkatea, Arantzazu Amasorrain, Juanjo Arrieta eta Iñigo Iñurrategi zinegotziak, Gregorio Iruretagoiena Mizpirualdeko zuzendaria, eta Elgeta zein Antzuolako udaletako ordezkariak izan dira gaurko ekitaldian.
45 langile
Victoriano Gallastegik poza azaldu du Mizpirualdek ziurtagiria jasotzeagatik: Parte hartu duten guztiak zoriondu nahi ditut, lan funtzionamendua hobetzeko interesa eta nahia azaldu dutelako. Bestalde, Jorge De Miguelek, DNV erakundearen izenean, ziurtagiria jasotzea Mizpirualden lan egiten duten guztiendako errekonozimendua dela adierazi du: Lan gestioa neurtu ahal izango da aurrerantzean eta horrek etengabeko hobekuntza ekarriko du atzetik. Horrelako erresidentzia baten dagoen osagarri emozionala ezin da alde batera laga, pertsonekin ari garelako lanean . Mizpirualden 45 langilek dihardute lanean gaur egun eta guztiek izan dute inplikazioa ziurtagiria jasotzeko prozesuan. 2003ko irailetik Oteic aholkularitza enpresarekin elkarlanean aritu dira.
Modulu psikogeriatrikoa
Mizpirualde egoitzan 115 plaza daude, guztiak beteta. Horietatik, 85ek mendekotasun maila handia daukate. Mendekotasun psikologiko altua duten egoiliarrei bereziki zuzenduta, modulu psikogeriatrikoa jarriko dute abian datozen hilabeteotan. Bertan, mendekotasuna duten 20 laguni arreta berezia eskainiko diete.