Jende gehiegi ez, baina giro polita egon da asteburuan Bergaran

Eneida Iturbe 2004ko mai. 31a, 10:44

Bitorianatxoren jaitsierarekin hasi ziren Pazkoak, eta gazte zein helduek izan dute zerekin gozatu asteburuan zehar. Gaur eta bihar ere ez dute aspertzeko arrazoirik izango

Bitorianatxo ikusteko desiratzen zeuden bergararrak eta, urtebete eta gero, jaso dute berriz haren bisita. Jende ugari bildu zen egubakoitz arratsaldean San Martin plazan hari merezi duen harrera egiteko.

Bere ohiko arropekin jantzita eta aterkia eskuan zuela egin zuen agerraldia Bitorianatxok eta Pazkoei hasiera eman zien. Aste bukaeran askotariko ekintzak izan dira herrian: zenbait lehiaketa eta txapelketa, erraldoi eta buruhandien kalejira, kontzertu ugari... Eta oraindik ere, izango da jai giroaz gozatzeko aukera bihar gauerdira bitartean.

Azken urteetan Pazkoetan gero eta jende gutxiago ibiltzen dela sumatu dute herritarrek eta aurten ere behera egin du jende kopuruak. Gainera, herrikoak ez diren lagun asko ibili dira.

Eguraldi onarekin hasi zituzten jaiak bergararrek, baina eurek dioten bezala, “beti egiten du euria Pazkoetan”. Hala, zapatu gauen hasi eta igandean jarraitu zuen euriak. Urak ez zituen parrandazaleak kikildu eta bustita izan arren, parrandan jarraitzen zuten igande goizean. Batzuk mezetara zihoazenean, besteak etxeratu gabe zeuden oraindik.

Txosna batzordeak hainbat txosna jarri beharrean karpa handi baten azpian txosna handi bat eta beste bi txikiagoak ipini ditu aurten eta ekitaldiak ere antolatu dituzte giroa suspertzeko. Baita lortu ere! Zapatu eta domeka goizean beteta jarraitzen zuten.

Adarrak nagusi

Errekortadoreen txapelketa, sokamuturra, entzierroak eta zezen festa izan dira Bergaran. Atzo goizeko entzierroan jende ugari zegoen plazako sarreran zezentxoen zain. Horiek gerturatzen ari zirela, ateak irekitzeko arazoak izan zituzten eta zezenak gainera etorri zitzaizkien. Horien azpian amaitu zuten askok, baina, zorionez, ez zen ezer larririk gertatu.

Postuak nonahi

Denetarik saltzen duten postuek hartu dituzte Bergarako kaleak. Inoiz baino saltzaile gehiago etorri dira aurten eta batzuk postua jarri gabe geratu behar izan dira, leku faltagatik.Ume ugarik eskatuko zieten gurasoei postuetan zerbait erosteko, eta baita barraketan ibiltzera joateko ere. Kexu bakarra dute gaztetxoek: “barrakak garestiegiak direla”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak