Egiptotik bueltatu berri zara. "Topeka" film laburrarekin izan zara han, jaialdi baten.
Ismailia izeneko herrian izan da jaialdia. Film laburren eta dokumentalen nazioarteko jaialdia da eta nirea lehiaketarako aukeratu zuten. Mundu osoko partehartzaileak zeuden, eta normalean ahaztuta izaten dugun Europako ekialdeko jende asko zegoen.
Ez dut saririk jaso; dena dela, nahiko sari izan da sailkatua izatea eta Egipton hamar egun ematea. Bestalde, Europa aldetik joandakoak pixka bat harritu ere egin ginen sariekin. Izan ere, Egiptoko bi film laburrek jaso dute saria. Hamahiru sari jaso duzu Topeka-rekin.
Imajinatzen zenuen halako arrakasta?
Egia esan ez. Oso film laburra da. Nik oso gutxi ikusi ditut horren motzak eta horrexegatik, besteak beste, ez nuen uste horren arrakasta handia izango zuenik, eta hain ondo funtzionatuko zuenik. Baina gero ikusi dut, ba, horren motza izateak badituela abantailak; izan ere, oso erraza da programatzeko. Hainbat film labur oso luzeak izaten dira, eta bat batean "Topeka" bezalako pilulatxo edo pintxotxo bat izatea ondo etortzen zaie emanaldiak programatzen dituztenei.
Horrez gain, arrakastarako beste giltza bat dialogorik ez izatean datza. Dialogorik gabeko laburra da eta horrek nazioartekoago egiten du: dialogorik ez duenez, ez dago zertan hizkuntza ezagutu. Irudiek esaten dute guztia. Dialogorik ezak unibertsaltasuna ematen diola, eta horrek programatzeko erraza egiten du.
Zinemako eskuliburuek diote gauzak edo ideiak irudiekin kontatu ahal badira dialogoak alde batera uzteko eta irudiekin kontatzeko. Hala, nik uste dut "Topeka" zinemaren esentziara doala, eta horregatik ere izan duela harrera ona. Behintzat, sariak eman dizkidaten tokietan hori baloratu izan du epaimahaiak; oso zinematografikoa izatea, alegia.
Agian hori izango da Julio Medemi zure film laburretatik gustatu zaiona. La pelota vasca-n "Topeka" eta "40 ezetz!" laburretako irudiak erabili ditu. Zelan izan da hori?
Oso sinplea da. Medemek "La pelota vasca" prestatzen ziharduen eta oso ondo etortzen zitzaizkion irudi horiek: dokumentaleko elkarrizketa pisutsuak zelanbait arintzeko, elkarrizketetan esaten dituztenak sinbolikoki irudiekin laguntzeko, baita sinbolikoki beste gauza batzuk kontatzeko ere. Hori horrela, Medemen produktoreak deitu zidan, irudiak bidali nizkion, eta kito.
Zuk laburrekin adierazi nahi izan zenuena eta Medemek adierazi nahi izan duena gauza bera dira?
Medemek euskal auziaren gaineko dokumentala egiteko erabili ditu irudiok, agian halaxe interpretatu zituelako ikusterakoan. Jende askok interpretatu ditu horrela. Joan naizen jaialdi askotan honakoa esan didate: "Ze ondo islatzen duzun euskal auzia 'Topeka'-n". Baina kontuan hartu behar da Joseba Sarrionandiaren istorio batean oinarrituta egin dudala eta agian hari ere galdetu beharko litzaioke.
Nik ez nion istorioari euskal auziaren gaineko interpretaziorik egin, nire ustez kontakizuna beste bide batetik doa: gizakiarengan dagoen animalia zelan pizten den, hain justu. Hori da nik egiten dudan interpretazioa, eta hori kontatu dut. Dena dela, laburraren muntaia eginda ikusi nuenean, nik ere pentsatu nuen batek baino gehiagok usteko zuela euskal auzia islatu nahi nuela.
Interpretazio moduan ondo dago, nork bere modura interpretatzen ditu gauzak eta Medemek ere, agian, hala interpretatu du "Topeka"; ez dakit, ez dute harekin berbarik egin-eta. Dena dela, argi dago irudiak ondo etorri zaizkiola nahi zuenerako. Gogoratzen dut Huescan Topeka-rekin saria eman zidatenean, Ken Loach-en semea zegoela epaimahaian. Hark esan zidan Topeka oso egokia zela Irlandan emateko, eta esan nionean laburraren gaineko nire ikuspuntua, harrituta geratu zen.
Interpretazio aniztasunak aberastu egin du "Topeka"?
Bai. Hori luxua da. Hainbat interpretazio egoteak esan nahi du gutxirekin asko kontatu dela.
Eta zer deritzozu Medem dokumentalaren gainean sortu den polemikari?
Ez du ez buru ez hankarik. Medemek momentu batzuetan gaizki pasatu duen arren, onuragarri ere izan zaiola uste dut, polemika horrekin guztiarekin jendea joan egingo da-eta dokumentala ikustera, eta gehiago zabalduko da, Espainia aldean, batik bat. Hemengooi ez digu gauza berririk kontatzen. Nik uste dut interesgarriagoa dela kanpokoendako.
Telmo Esnalek eta biok film luze baterako gidoia idatzi duzue. Zelan dago kontu hori?
Bi produktoreren eskuetan dago eta hor dihardute, diru bila, datorren urtean filmatzen hasteko asmoz. Dena dela, gauza hauek hasi arte ezin jakin...
Eginez gero, euskaraz egingo dugu, eta hori nahiko berria da, oso film gutxi egiten direlako euskaraz.
Aurrera iezaguzu istorioaren mamia.
Bergara antzeko herri txiki batean oinarritzen da; herritarren itxurakerian, direna baino gehiago azaldu nahi horretan. Komedia da, itxurei eutsi nahi horrekin egoera dramatikoetan sartzen dira pertsonaiak. Baina guztia oso umore beltzez kontatuta dago.
Non filmatuko duzue?
Idazteko orduan istorioa lokalizatzea ondo etortzen da, idazten dena erreala izan dadin. Eta Bergara erabiltzen genuen Telmok eta biok horretarako. Baina ez dakit hemen filmatuko dugun. Dakiguna da filmaketarako tokiak baldintza batzuk bete beharko dituela: Euskal Herriko herri txikia izan behar du, eta dotorea. Bestalde, lau protagonista izango ditu, hamar bigarren mailako, eta herri osoa figurante lanetan.
Bestelako proiekturik ere izango duzu esku artean.
Film labur bat. Topeka bezala oso motza izango da eta bisualki gogorra. Irailean hasi behar nuen filmaketa, baina atzeratu egin da. Filmaren istorioa itsasoarekin lotuta dago, eta, beraz, urarekin. Horren ondorioz, ura epeltzen denean ekingo diogu filmaketari. Arrantzale batzuen gaineko kontuak dira. Lankide batekin egun batean erdi jolasean sortu zen ideia. Anekdota txoro baten oinarritutako ideia da.