Udazkenean hasiko dituzte Zerrajerako malda egonkortzeko lanak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 8a, 11:37

Arrasateko Zerrajera kaleko ezponda egonkortzeko lanak egingo ditu Udalak, eta babes hesi bereziak jarriko dituzte, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz. Ondo bidean, udazkenean hasiko dituzte lan horiek.

Iazko abenduan, euriaren ondorioz, hainbat harri zati erori ziren Zerrajera kalera eta, ordutik, bidegorria itxita dago eremu horretan. "Segurtasuna bermatzeko, hesiak jarri genituen, zebra-bide batetik bestera, alde horretan oinezkoen pasabidea moztuz", azaldu du Kepa Urteagak, Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak.

Bitartean, Ikerlur enpresak maldaren egoera aztertu du, eta ondorio nagusia da ezponda oso ezegonkor dagoela eta ez dagoela bermatuta eremuaren segurtasuna mendi-hegaletik datozen arroken erorketen aurrean. "Malda guztiz ezegonkor dago. Txostenak dio arrisku handia duela eta, beraz, guztiz beharrezkoa ikusten dugu malda egonkortzea", dio Urteagak.

Ondorioz, egonkortzeko lanak ezinbestekotzat jo ditu Udal Gobernuak. Hala, lehenik eta behin, ezpondan dauden hainbat kutxatila, hodi eta eraikuntzako hondakinak kenduko dituzte, besteak beste, fabrika zaharreko hormigoizko bloke bat. Gero, drainatze-elementuak garbitu eta konponduko dituzte eta, azkenik, babes hesi berezi batzuk jarriko dituzte –Kulturola eraikinaren atzealdean daudenen modukoak–.

Kulturola atzealdean dauden hesiak. Horrelakoak jarriko dituzte.

300.000 euro inguruko aurrekontua

Aurrekontuari dagokionez, 300.000 euro ingurukoa izango da, 2023ko gerakinetik bideratuko dutena. Edozelan ere, uneotan proiektua idazten ari dira teknikariak eta ekainean aterako dituzte lanak lizitaziora. Orduan jakingo dute aurrekontua eta exekuzio epe zehatza. Hori bai, lanak udazkenean hastea da aurreikuspena eta horiek bukatu arte, eremua hesituta egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak