Zerrajera kaleko bidegorrian segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu ditu EAJk

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 3a, 13:36

Zerrajerako bidegorria hesiarekin.

Zerrajera kaleko bidegorria itxita dago ezpondatik harri zati handiak erori zirenetik, eta horrek, "eragozpen handiak" sortzen dizkiela arrasatearri adierazi dute Arrasateko jeltzaleek. Halaber, egungo segurtasun-neurrien eraginkortasuna zalantzan jarri dute eta horregatik "neurri azkarrak" eskatu dituzte.

Gertakaria izan zenetik bost hilabete pasatu direla gogorarazi dute eta adierazi EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osatutako Udal Gobernuak "ez duela ekintza zehatzik egin" egoera hori konpontzeko gaineratu: "Ekintza zuzentzailerik gabeko hesien iraunkortasunak argi eta garbi erakusten du tokiko agintariek ez dutela kudeatzeko gaitasunik".

Eraginkortasunez jokatzeko eskatu die jeltzaleek Udal Gobernuari eta herrian dauden ezpondetan arreta jartzeko: "Nahitaezkoa da udalerrian dauden ezponda guztien azterketa sakona egitea, edozein arrisku potentzial identifikatu eta arintzeko, eta Zerrajeran izandako moduko gertakari bat ez errepikatzea ziurtatzea".

Neurriak lehenbailehen hartzeko ere eskatu die: "Neurri azkarrak har ditzala Zerrajerako ezponda egonkortu eta birgaitzeko. Funtsezkoa da bidegorria berriro irekitzea, eta inguruetako segurtasuna guztiz bermatuta egotea eremu horretako erabiltzaileentzat eta bertan bizi direnentzat".

Arrasateko EAJk arrasatear guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko konpromisoa hartuko duela dio, eta lanean jarraituko duela, "etorkizuneko gertakariak prebenitzeko eta udalerriaren azpiegitura eta kudeaketa hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak hartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak