Kooltur Ostegunak denboraldiaren azken txanpan sartuko dira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko api. 30a, 17:04

Granadako Lasole rap-kantaria izango da eguen honetan Arrasateko gaztetxean. Argazkia: Lasole.

Urrian hasi eta maiatzera bitartean antolatzen du Kooltur Ekintzak taldeak Arrasateko gaztetxean egiten duten eguenetako kultura eskaintza. Eta prest dute denboraldiko azken sorta. Granadako Lasole rap kantaria gonbidatu dute eguen honetarako.

"Lasole musikariak hainbat pertsonalitate hartzen ditu bere baitan -haien motxila eta bizipenekin-, baina guztiak Granadakoak; izan ere, Granada eta hango jendea erreferenteak ditu Lasolek bere kantutegian. Orain dela urte gutxi agertokietara igo zenetik ikusmina sortu du Lasolek, eta dagoeneko Natos y Waor, Locoplaya eta Kaze moduko sortzaileekin aritu izan da. Santa Sucia izeneko bigarren disko luzea kaleratu zuen iaz, bere pekatuetan oinarrituta dagoena eta lan honetan parte hartu dute, besteak beste, Pablo Garetak, Sake Thug Prok eta Kassen Fahmik-ek", azaldu dute antolatzaileek.

Datozen asteetako eskaintza

Danele Sarriugarte idazlea eta Miren Narbaiza Mice abeslaria izango dira maiatzaren 16an lekukoa hartuko dutenak: Poperra, afterra eta Utopia izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Maiatzaren 9an San Pankrazio eguna izanik ez dela eskaintzarik izango adierazi dute Kooltur Ostegunetako bultzatzaileek.

Bukatzeko, Lisabö

Maiatzaren 23an, Arrasaten hainbat alditan izan diren Lie Detectors gipuzkoarrak izango dira protagonista, eta, eskaintza borobiltzeko, eskarmentu handiko Lisabö zazpikotea gonbidatu dute maiatzaren 30erako. Emanaldi guztiak 22:00etan izango dira, eta sarrerak, zazpi eurotan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak