Arrasateko EAJk udal autobusen zerbitzua osorik berritzea proposatu du

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 29a, 16:53

Arrasateko EAJk udal autobusen garraio publikoaren zerbitzua osorik berritzea proposatu du, irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz. Ander Garay bozeramaile jeltzaleak zerbitzua domeka eta jaiegunetara zabaltzea, landa auzoetara taxibus zerbitzua sartzea, uda garaian kiroldegirako autobus zerbitzu berezia sortzea eta autobus flota erabat berritzea proposatu du, besteak beste, gaur egindako prentsaurrekoan.

Arrasateko EAJk herriko garraio publikoaren zerbitzua hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu, udal autobusen sistemak egun dituen erronka esanguratsuei aurre egiteko.

Autobus zerbitzuaren egungo kontratua etetea proposatuz

"Gaur egun, zerbitzuak bi autobus-linea ditu, eta astelehenetik zapatura lau autobusek ematen dute zerbitzua. Arazoen artean daude autobusak maiz ordezkatu behar izatea ibilgailu nagusietan matxurak direla eta, ordezko ibilgailurik ez izatea, eta irisgarritasun desegokia. Horren ondorioz, erabiltzaileek astelehenetik larunbatera solik eskaintzen den zerbitzu kaskarra jasotzen dute, igande eta jalegunetan ez baitago martxan. Egoera horren aurrean, eta Arrasateko bizlagunen kexak eta iradokizunak jaso ondoren, Arrasateko EAJk autobus zerbitzuaren egungo kontratua etetea eta Arrasateko herritarren beharretara egokitutako zerbitzua bermatzeko hobekuntza nabarmenak izango dituen berria prestatzea proposatzen du", adierazi du Ander Garayk, Arrasateko udaleko EAJko bozeramaileak.

Proposatutako hobekuntzak

Domeka eta jaiegunetara zerbitzua hedatzea: "Kontuan izanik funtsezko instalazioak, hala nola kiroldegia, beilatokia, Iturbide egoitza eta debagoieneko eskualdeko ospitalea igandeetan aritzen direla, funtsezkoa da egun horietan garraioa eskaintzea herritarren heltzea errazteko".

Udala, Bedoña, Gesalibar eta Garagartza landa-auzoetarako taxibus zerbitzu bat ezartzea ere proposatzen dute: "Elgoibar bezalako beste udalerri batzuetako eredu arrakastatsuetan oinarrituta, eremu horien komunikazioa hobetzeko".

Uda garaian kiroldegirako autobus zerbitzu berezi bat sortzea ere proposatzen du alderdi jeltzaleak. "Eskaeraren gorakadari eta aparkalekuen saturazioari erantzuteko".

Autobus-flota erabat berritzea ere proposatu dute. Dauden bost autobusak zero emisioko eredu baterantz eguneratzea eskatzen dute jeltzaleek, jasangarritasuneko eta ingurumen-kalitate hobeko politikekin bat eginez.

Zerbitzua kalitatezkoagoa eta irisgarriagoa

Ander Garay EAJko Arrasateko udal bozeramailearen esanetan, "nahitaezkoa da Arrasateko garraio publikoaren zerbitzua modernizatzea, arrasatearren egungo eta etorkizuneko beharrei behar bezala erantzuteko. Proposamen horiek zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, guztiontzako garraio jasangarriago eta irisgarriago baten alde dugun konpromisoa islatuko dute, baita ingurumenean eragin positiboa izango duena ere, Arrasate jasangarriago bati bide emanez". Ekimen horiekin, EAJ Arrasatek garraio publikoaren zerbitzua hobetzeaz gain, zerbitzu hori inklusiboa, eraginkorra eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izango dela ziurtatzea espero duela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak