'Palestina: Gizatasun krisia' hitzaldia eskaini zuten Kulturaten

Gontzal Belategi Zubia 2024ko api. 16a, 15:00

'Palestina: Gizatasun krisia' hitzaldia antolatu zuen Sanitarioak Palestinarekin elkarteak. Mohamed Farajallah, ekintzaile palestinarra, eta Barbara Ruiz Balzola UNRWA Euskadiren ordezkaria izan ziren hizlariak.

Palestinako genozidioa salatzeko asmoz, Palestina: Gizatasun krisia hitzaldia eskaini zuen Sanitarioak Palestinarekin elkarteak, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Bertan, Mohamed Farajallah, ekintzaile palestinarra, eta Barbara Ruiz Balzola, UNRWA Euskadiren ordezkaria, izan ziren hizketan.

Elkarteko kideen sarrera baten ostean, Farajallahk hartu zuen hitza. Bere bizipenak baliatu zituen honek Palestinaren historiaren kokapen bat egin eta egungo egoera ahalbideratu duten arrazoiak azaltzeko. Israeldarren sarrera eta nakba azaldu zituen, bere aurrekoek esanak aipatuz. Intifadetan, haur zela, heldu papera hartzea egokitu zitzaiola kontatu zuen. Gaur egungo genozidioa bizi dutenei ere ahotsa eman zien.

Kontakizun gogorra izan zen Farajallahrena. Senitarteko asko kartzelatu zituztela aipatu zuen, eta saminez esan zuen palestinarrek beraien haserrea arintzeko inor ez dutela, ingurukoak ere egoera berean aurkitzen direlako. Sanitarioei Gazara gerturatzeko eskaera luzatu zien, osasun zerbitzuen egoera oso kaskarra delako. “Kalean ospitaleak egin behar izan dituzte” esan zuen ekintzaile palestinarrak.

“Ez dago Palestinan gertatzen ari dena azalduko duen hitzik. Gazan eta Zisjordanian senitartekoak dituen palestinar bezala, esan nezake albistegietan eta sare sozialetan ikusten duguna gertatzen dabilenaren %20-a besterik ez dela. Egoera, katastrofikoa ez, okerragoa da” adierazi zion Farajallahk GOIENAri, Palestinan egun bizi den egoeraz galdetzerakoan.

Ruiz Balzolak UNRWAren nondik norakoak azaldu zituen. 1948ko Arabiar-israeldar gerraren ondorioz sortu zen UNRWA, errefuxiatuei laguntzeko. Honen arabera, teorian, 3 urtetarako bakarrik sortu zen erakundea, baina gaur egunera arte mantendu behar izan da. 1950ean 914.000 errefuxiatu palestinar zeuden, gaur egun, berriz, 5,6 milioi dira. 2023ko urriaren 7tik aurrera, palestinarrek bizi duten hainbat aspektu azaldu zituen; besteak beste, israeldarrek nahita eragindako gosetea.

Sanitarioak Palestinarekin

Duela gutxi sortutako taldea da Sanitarioak Palestinarekin. Hainbat sanitariok osatu zuten Palestinan bizi den genozidio egoera salatzeko. OSI Araba eta Debagoieneko ospitaleko kideak dira gehienak, baina Donostiako ospitaleko partaideak ere badituzte. Aurrerantzean ere zenbait ekimen egingo dituzte: Madrilen egingo den martxa batean parte hartu, Eurovisioneko Israelen parte hartzea boikotatzeko kanpaina bat eta kontzertu solidario bat Gasteizko Jimmy Jazzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak