Irati Erostarberekin batera abestuko du Txorbela Otxoteak

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 27a, 10:06

Arrasate Musikalen hasi zen hura, eta Belgikan ari da gaur egun, Musika Interpretazio masterra amaitzen

Solasaldi musikala egingo du Txorbela Otxoteak Irati Erostarbe musikariarekin batera apirilaren 11n San Frantzisko elizan. 19:30ean hasiko da emanaldia, eta "abesti klasikoak zein garrantzi handiko obrak" eskainiko dituztela adierazi du Xabier Barriolak, Txorbela Otxoteko zuzendariak.

Erostarbe omendu

"Arrasatetik kanpo musika ikasten ari den jendea" omentzen dute tarteka Txorbela Otxoteako kideek haiekin kontzertuak eskainiz, eta oraingoan ere hori egingo dutela iragarri du Barriolak: "Irati Erostarbe Arrasate Musikalen hasi zen biolontxeloa ikasten eta gaur egun Musika Interpretazio masterra amaitzen ari da Ganteko (Belgika) KASK Conservatorium-en, Judith Ermert-en zuzendaritzapean, hainbat orkestra eta ganbera musika talderekin aritzeaz gain". Arrasaten musikaren gaineko zaletasun handia dagoela eta, "zorionez, musika ikasten duen jende asko" dagoela aitortu du Barriolak. Herriko musikariak omentzeko arrazoi bat dela dio Txorbelako zuzendariak, eta hamar kantu inguruko errepertorioa prestatu dute horretarako. Sarrera, doakoa Kontzertua "Txorbelak Udalarekin duen konpromisoaren barruan" sartzen dela eta, beraz, "sarrera doakoa" izango dela iragarri du Barriolak. Hori dela eta, "harrera ona izatea" eta "San Frantzisko eliza jendez betetzea" espero du zuzendariak; izan ere, aurretik eskaini dituzten kontzertuetako harrera "oso ona" izan dela dio, eta oraingoan bide bera jarraitzea dute helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak