Goñiren omenezko finala jokatuko du Ander Muruak gaur

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 27a, 12:02

Gaur, martxoak 27, jokatuko dituzte Zumarragan (18:30, Beloki pilotalekua) Goñiren omenezko txapelketako finalak, eta elite mailako bikotetako norgehiagokan Arrasateko Ander Muruak eta Bernaolak Igoa eta Garmendia izango dituzte aurrean. Finala Goiena.eus atarian bertan ikusi ahal izango da –lehenago beste bi final jokatuko dituzte–.

Iazko finalean Ugartemendiarekin batera 22-9 galdu ostean, Ander Muruak arantza ateratzeko aukera ezin hobea izango du gaur, eguaztena (18:30, Zumarragako Beloki pilotalekua). "Ezbairik gabe, Ander Murua arrasatearra izan da aurtengo txapelketako izarra eta iaz ihes egin zion txapela eskuratzen saiatuko da orain arteko partidetan berme osoa eman dion Bernaola mañariarrak lagunduta. Ander Murua da gaur egungo afizionatu mailako erreferentzia nagusia eta hala erakutsi zuen finalerdietan Eñaut Lizeaga handi bat mendean hartuta.  Soraluze klubekoak txapela desberdinak jantzi ditu Zumarragan jokatutako final desberdinetan baina preziatuena ere etxera eraman nahi du. Bernaolak eskuin polita duela erakutsi du jokatutako partidetan eta lehen egunetik argi utzi zuten hautagai sendoak zirela", adierazi dute txapelketako antolatzaileek.

Kontua da, parean gauzak batere errazak jarriko ez dizkion bikote batekin egingo dutela topo. "Igoa-Garmendiak ez dute agian hainbeste distirarik egin orain arte, baina erakutsitako sendotasunari esker egin dute finalerako bidea. Igoa etxarriarrak duela hiru egun Asperekin debuta egin zuen Gabirondorekin hasi zuen txapelketa eta defentsa gaitasun handiaz harago, errematean ere, batez ere airez, dohain handiak erakutsi ditu. Finalerditan txapelketa hau irabaztea zer den Beñat Garmendia batu zitzaion eta elkarrekin oso bikote gogorra osatu dute. Profesionaletan aritu eta gero, Beasaingoak bere lekua topatu du afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuenetan eta oso arerio deserosoa da edozeinentzat".

Finalerdietan partidu ikusgarriak jokatu ostean iritsi dira norgehiagoka erabakigarrira. Iazko arantza kentzera Muruaren eta Bernaolaren kasuan, finalerdiak erakargarritasun handia zuen, torneoan –orain arte– maila onena erakutsi duten bi aurrelari aurrez aurre ikusteko gogoz zeudelako pilotazaleak: Ander Murua eta Eñaut Lizeaga. Lizeagak tanto ikusgarriak egin zituen aurrean, baina Muruak esperientziatik egin zuen tira, eta beheko jokoa bilatuz min egin zion Lizeagari. Gainera, Bernaolak apenas egin zuen akatsik, eta 22-18 irabazita sailkatu ziren finalerako. Sarrera 10 euro da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak