Mende laurdena bete du Uarkapek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 27a, 12:13

2024ko abenduaren 21ean, 25 urte beteko ditu Uarkape pilotalekuak, eta dotore jantzi dute, gainera, urteurrenerako. Gaur egun, pilotaleku hutsa baino gehiago da. Galerian, inaugurazio ekitaldiko hainbat momentu. [Argazkiak: Arrasateko Udala].

1999ko abenduaren 21ean, santamas bezperan, inauguratu zuten Uarkape pilotalekua. Edozelan ere, une hartara iristeko "lan handia eta bide luzea" egin behar izan zuten, garai hartan alkate izan zen Xabier Zubizarreta Txiron-en esanetan (Herri Batasuna). "Egungo pilotalekuaren atzean geratzen den maldak arazo handiak eman zituen, ikuspuntu geologikotik. Inguru hartan ez zegoen ezer; bi etxe txiki eta lurra besterik ez. Goian beste etxebizitza batzuk zeuden, 20 bat urte lehenago eraikitakoak", azaldu du orduko alkateak. "Malda hartan oinarria aurkitzen hasi zirenean, zailtasunak izan zituzten. Hori dela eta, erabaki zuten hormigoizko hiru plataforma jartzea, eta haien gainean eraiki zituzten goiko etxebizitzak", gaineratu du.

Edozelan ere, beherago zeuden lurrak erabiltzen hasi zirenean, hain zuzen, egungo Taupa taberna gainean dauden etxebizitzak eta Uarkape pilotalekua egiteko, maldako lur-masa mugitu egin zen eta arrakala bat sortu zen goiko etxeen ondoan. "Beraz, paralizatu egin genuen obra eta malda hartan ikerketa bat egitea enkargatu genuen. Emaitzak iritsi zirenean, ikusi genuen egonkortasun maila oso baxua zuela lur-masa hark".

Ondorioz, gogoan du "gorabehera dezente" izan zituztela Altamirako etxeetako bizilagunekin, "haiek ere arazoak jasan zituztelako". Hori kontuan izanda, eustorma handi bat egin behar izan zuten, egun Arizmendi Ikastolaren Ferixalekua gunea dagoen lekutik Taupa taberna atzeraino. "Horma hura josi egin behar izan genuen malda hartako haitzera. Haitza, hala ere, urrun geratzen zen. Kablerik luzeenak 29 metrokoak ziren. Horma hark eusten du, gaur egun ere, azpian dagoen lur-masa handia", dio orduko alkateak.

Atzean, eustormaren zati bat. Gainean, errepidea doa tarte horretan.

Iturripetik Uarkapera

Uarkape egin aurretik, herrian bazeuden hainbat frontoi; Iturripekoa eta Musakolako kiroldegikoa, esaterako. "Haiek, ordea, arruntagoak ziren, azpiegitura handirik gabeak". Bestalde, Zaldibarko pilotalekua erreferentea zen herrian. "Frontoi historikoa da, 1900ekoa. Beti eduki izan du ospe berezi bat eta Mondragones-ek han jokatu izanak are gehiago hauspotu zuen Zaldibarren izena. Horrexegatik, hain zuzen, aspaldidanik erabakita zegoen frontoi hark ondare izaera mantendu behar zuela eta pilotaleku berri bat egin behar zela", dio Txiron-ek.

Modu horretan, 90eko hamarkadan, Arrasate Pilota Taldeko kideak Iturripeko pilotalekuan aritzen ziren. Uarkape inauguratu aurreko bi urteetan, halaber, taldeko pilotari nagusiak Aramaiora joaten ziren entrenatzera, Iker Zugasti pilotari ohiak azaldu duenez. "Iturripeko frontoiak ez zituen baldintza egokiak betetzen. Haurrentzako agian bai, baina guretako ez. Eguraldi txarrarekin, kanpora irtetean, pilota busti egiten zen. Gainera, goiko sarea erorita zegoen eta ezin genion altura eman pilotari. Partiduak han jokatzea lotsagarria zen. Ez genuen ulertzen Arrasate moduko herri batek behar zuen moduko pilotaleku bat ez edukitzea. Bailaran eta inguruan zeuden frontoi gehienak Iturripekoak baino hobeak ziren". Mauricio Zubillaga Mauri-k, urte luzez entrenatzaile lanetan aritu izan denak, gaineratu du Iturripeko "partidu asko" bertan behera utzi behar izan zituztela. "Haizea bazegoen, kantxa guztia busti egiten zen".

Gauzak horrela, Arrasaten baldintza duinak zituen pilotaleku bat behar zela garbi zeukan orduko Udal Gobernuak. "Estalia eta ikusleendako leku egokia zuena, harmaila batzuekin".

Zentsura-mozio bat tartean

Maldarekin zegoen arazoa konpontzeko prozesua, ordea, hainbat urtez luzatu zen. "Agintaldi bat baino gehiago bai", dio Txiron-ek. Bitartean, Udal Gobernuan aldaketak ere gertatu ziren. Izan ere, 1997an, Txiron alkate zela, zentsura-mozio bat egon zen eta EAJk hartu zuen agintea –Jose Maria Loiti–. Bi urte geroago, 1999ko ekaineko hauteskundeetan, berriro hartu zuen agintea Txiron-ek, Euskal Herritarrok alderdiarekin.

Urte hartako udan alkate kargua hartzearekin batera, Uarkapeko lanak bukatzea izan zen Gobernuaren lehentasunetako bat. "Santamasetarako inauguratu gura genuen, baina detaile asko falta ziren bukatzeko. Beraz, gogoan dut azken orduan presaka ibili ginela, eta justu-justu amaitu genituela lanak. Pentsa, zinegotzi batek esan zidan sarrerako kristalezko ateetako bat bezperan jarri zutela".

Zera azpimarratu du orduko alkateak: "Guk hasi genuen Uarkapeko proiektua eta EAJren eskuetan geratu zen bi urtez. Bukaeran, berriz guk hartu genuen. Haiek hainbat aldaketa egin zituzten proiektuan, eta, beraz, erdibideko zerbait izan zen emaitza, ez guk ez haiek ez genuelako aukerarik izan jarraipenik emateko. Pilotalekuan 1.000 pertsona baino gehiago sartzen dira eta sarrera, adibidez, oso estua da, desproportzionatua. Arazo hori, hein handi batean, konpondu zen goiko etxeetatik beste sarbide bat egin zenean –erreboteko pareta ondoan–".

Esan moduan, 1999an inauguratu zuten Uarkape, eta Arrasate Pilota Taldeak "asko" eskertu zuen hori. "Behar genuen halako pilotaleku bat; aldaketa izugarria izan zen. Pozez hartu genuen eta gaur egun ere oso pozik gaude dugun frontoiarekin, kategoriakoa da", dio Zugastik.

Askotariko erabilera du

25 urte beteko dituen honetan, pilotalekua baino gehiago da Uarkape. Batetik, herri mailako zein elite mailako pilota hartzen du. Hala, azken urteetan, urteroko hitzordua da santamasetako gizonezkoen Binakako Txapelketako partidua, eta nabarmentzekoa da, era berean, Emakume Master Cup txapelketako finala ere Uarkapen jokatu dutela aurten. Halaber, Arrasate Pilota Taldeko kideek ere erabiltzen dute entrenamenduetarako zein partiduetarako.

Horrez gain, askotariko ekintzak egiteko erabiltzen den espazioa da: Arrasate Dragoi Gimnasia taldearen entrenamendu eta erakustaldiak; boxeo jaialdia; Gabonetako Txikilandia parkea; askotariko kontzertuak; herri mailako bazkari zein afariak; batzarrak; ikastaroak; eta abar.

Erabilera mugarik ez dute nahi

Arrasate Pilota Taldeko ordezkariak, Uarkapen, astelehenean.

Arrasateko Pilota Taldean 40 pilotari inguru dituzte egun, eta haien eskakizun nagusietako bat da pilotalekua erabiltzeko dituzten mugak kentzea. Izan ere, Arrasate Dragoi Gimnasia Taldekoekin partekatzen dute eta asteburu askotan bestelako ekintzak ere hartzen ditu Uarkapek. "Gimnastak ere asko dira eta ez dute beste lekurik entrenatzeko; ulertzen dugu hori. Baina guk ordutegi jakin batzuk ditugu eta horietatik kanpo ezin dugu frontoia erabili. Astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, esaterako, 19:00etatik aurrera baino ezin dugu erabili, gimnasten ostean. Ordu horietan ezin ditugu ekarri haurrak entrenatzera, oso berandu da", azaldu du Iker Zubiak, taldeko presidenteak. "Asteburuetan, beste ekintzaren bat badago, ez dugu aukerarik, eta, libre egonda ere, Udalak ez digu uzten erabiltzen. Ez dugu ulertzen. Gure ustez, frontoiak irekita egon beharko luke, eta haurrek nahi dutenean jokatzeko aukera eduki", dio Oskar Oruek, taldeko lehendakariordeak. Mauri-k zera azpimarratu du: "Pilotalekuak pilotan jokatzeko izan behar du, ez beste ezertarako. Frontoian lehentasuna pilotariek izan behar dute beti".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak