Gipuzkoako Futbol Federazioaren 25. futbol inklusiboko topaketa egin dute Mojategin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 23a, 17:55

Kirol egokitua geroago eta hedatuago dago, eta futbola ez da atzean geratzen. Gipuzkoako Federazioak Mondrako eta Leintz Eskola Kiroleko lagunen laguntzarekin futbol inklusiboko 25. topaketa egin du gaur goizean Mojategin. Denera 50 lagun inguru elkartu dira entrenamendu saioa egiteko.

Beroketak eginez hasi dute saioa 11:30ean, eta ondoren, lau taldetan banatuta ariketa ezberdinak egin dituzte baloiarekin. Futbola oso gustuko dute parte-hartzaileek eta oso gustura ibili dira, lagunartean, baina lehia puntu batekin.

Iker Arizmendi da Aramatik etorri den parte-hartzaileetako bat. Futbola oso gustuko duela dio; baita horrelako topaketetan jendea ezagutzea ere. Beñat da gaur goizean Donostiatik Mojategira etorri den beste gazte bat eta egindako ariketetatik gehien bat futbol partida eta jolasak gustatu zaizkio. Mondrako futbol jokalariekin futbolean ibiltzeko esperientzia "asko" gustatu zaio: "Esperientzia polita iruditu zait".

Josu Zubia Gipuzkoako Futbol Federazioko kirol zuzendariak adierazi duenez, desgaitasunen bat duten haur eta gazteek ere eduki behar dute aukera futbolean jokatzeko: "Haur eta gazte hauek ez daukate aukera handirik futboleak jokatzeko edo praktikatzeko. Kasu honetan, ikusi ze poztasun daukaten. Euren irribarrea ikustea besterik ez dago".

Dagoeneko 25 jardunaldi

Duela hiru bat urte hasi ziren kirol egokitu eta inklusiboko futbol topaketekin eta hainbat herritan egin dituzte topaketak. Gaurkoa 25.a izan da. "Espazio bat ematen diegu desgaitasuna duten haur eta gazteei futbola praktikatzeko. Kasu honetan, Mondrako klubeko infantil mailako jokalariekin partekatu dute espazioa goiz polita igaroz", azaldu du Gipuzkoako Futbol Federazioko kirol zuzendariak.

Gaurkoa 25. saioa izatea jarraikortasunaren adierazle dela azpimarratu du Zubiak. Horrekin batera, eskerrak eman nahi izan dizkie orain arte jokalari izan direnei eta familiei Federazioarengan konfiantza edukitzeagatik: "Gipuzkoa osotik etorri da gaur Arrasatera jendea. Beti guri laguntzen dabiltzan horiei eskerrak eman nahi dizkiet, baita gugatik apustua egin duten klub guztiei. Nik uste deialdi bat egin behar diegula beste kiroletan ere halako topaketak egin ditzaten. Denon artean indarran batzen baditugu, horrelako emanaldiak egiteko aukerak izango ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak