Pello Garai: "Zuhaitz indartsuenak izango dira etorkizuneko basoa osatuko dutenak"

Miren Arana Pagaldai 2024ko urt. 20a, 16:24

Urtero bezala, Zuhaitz egunaren baitan, landaketa lanak egin dituzte arrasatearrek. Ekimenak berrehun bat lagun bildu ditu; eta laugarrenez jarraian, Etxezarretako eremuetara gerturatu dira zuhaitzak landatzeko.

Tenperatura baxuak izan diren arren, Zuhaitz Egunaren baitan, ohiko bihurtu den landaketak aurrera eramateko asmoarekin, berrehun arrasatear elkartu dira San Isidroko eliza kanpoan goizeko 10:00etan. Bertatik, elkarrekin abiatu dira Etxezarretako herri lurretara, 1.621 landare landatzeko asmoarekin; Pello Garai Arrasateko Ingurumen Teknikariak azaldu duenez, haritza izango da eguneko protagonista: "leku honen berezko bokazioa haritza izanik, gehien bat haritza izango dugu protagonista, baina beste landara batzuk ere izango ditugu". Hain zuzen, 406 haritz (Quercus robur), 243 gaztainondo (Castanea sativa), 324 otsalizar (Sorbus aucuparia), 243 gorosti (Ilex aquifolium), 243 elorri (Crategus monogyna) eta 162 zuhandor (Cornus sanquinea) eraman dituzte Etxezarretako lurretara. 

Ingurumen Teknikariak adierazi duenez, ohi baino landare gehiago izan dituzte aurten, eta azken ikerketetan oinarritu dira landareak aukeratzerako orduan: "azkenengo ikerketek diotenez, natura imitatu behar da; landare asko landatuz gero indartsuenak irtengo dira, eta horiek izango dira etorkizuneko basoak osatuko dutenak".

"Goranzko tendentzia"

Goizaren amaierarako 400 landare inguru landatuak zituzten Arrasateko haur, gazte eta helduek. "Geroz eta jende gehiago animatzen da Udalak antolaturiko ekimenera, eta eguraldiak laguntzen duen guztietan arrakasta izaten du", dio Pello Garaik. "Gorantz" doan tendentzia bat dela ere aitortu du, eta honen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "hektarea batean egiten den lanak ez du herriko basoen arazoa konponduko, baina bai kontzientziatuko ditu herritarrak, eta gure atzetik datozenek basoak duen garrantzia ikusiko dute. Balore sinboliko handia dauka".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak