Urtarrilaren 20an egingo dute Zuhaitz Eguna

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 15a, 13:26
Iazko zuhaitz landaketa, Etxezarretan.

Ohi moduan, zuhaitz azokaz gain, landaketa ere egingo dute Etxezarretan. "Edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan den feria izan da Arrasateko Zuhaitz Egunekoa, urtez urte erreferentzialtasuna irabazten joan dena", azaldu dute Udal Gobernutik. Landaketan parte hartzeko, izena eman beharko da.

Zuhaitz Egunaren baitan, azken urteetan ehunka zuhaitz landatu dituzte Arrasaten, "herritarren parte-hartzea eta naturarekiko konpromisoa bilatuz", Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez. "Gizakiak eragindako klima-aldaketari esparru ezberdinetatik eragitea ezinbestekoa da, baita biodibertsitatearen eta basogintzaren eredutik ere. Horregatik, etorkizunera begirako herrigintza ariketa arduratsua da Zuhaitz Egunean egiten den landaketa herrikoia, herrigintzatik egin daitekeenaren erakusle delarik".

Aurten 1.621 zuhaitz enkargatu dituzte Etxezarretako herri lurretan landatzeko eta urtarrilaren 20an guztiak landatzea lortzen ez badute, hurrengo astean landatuko dituzte, Gipuzkoako Aldundiaren programa bati esker. 1,5 hektareako azalera prestatu dute aurtengo landaketarako eta, proba bezala, mintegitik ekarritako tamaina txikiko landareak (30-40 cm) landaketa-marko estuan landatuko dituzte. 

Parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira, 10:00etan. Parte hartzeko, 943 25 20 05 telefonoan eman beharko da izena. Gomazko katiuskak eramatea gomendatu dute antolatzaileek eta landaketa amaitzean lunch txiki bat egongo dela ere aurreratu dute.

Laugarren urtez, Etxezarretan

Azken urteetako landaketa herrikoetan ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dituzte Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako herri lurretan. Azken urteetan, ordea, Etxezarretan ari dira egiten. Izan ere, Arrasateko Udalak 2019an erositako 83 hektareako lursail horretatik 63 hektarea, gutxi gorabehera, pinudia izandakoa zen.

Etxezarretak garrantzi handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta egindako biodibertsitate azterketak ondorioztatu zuen birsortze naturala oso ona dela. Aurten, honako espezie hauek landatzea aurreikusten dute: 406 haritz (Quercus robur), 243 gaztainondo (Castanea sativa), 324 otsalizar (Sorbus aucuparia), 243 gorosti (Ilex aquifolium), 243 elorri (Crategus monogyna) eta 162 zuhandor (Cornus sanquinea).

Azokan, sei mintegi

Zuhaitz azoka, berriz, Seber Altube plazan egingo dute, 08:00etatik 14:00etara, hileko hirugarren zapatuetan egiten den bertako produktuen azokarekin batera. Honako hauek dira aurten parte hartuko duten sei mintegiak: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Etxeberria (Gatika), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate) eta Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz).

Hala, fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak eta basoko fruitu txikiak egongo dira salgai eta, gainera, bi zuhaitz-sorta zozketatuko dituzte erosleen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak