Maider Morras izango da Arrasateko alkate berria

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 16a, 09:01

Maider Morras, Juan Arzamendi Musika Etxeko terrazan.

Bihar, zapatua, osatuko dute 2023-2027ko agintaldirako udalbatza, eta, ezustekorik ezean, Maider Morrasek hartuko du alkate kargua, Elkarrekin Arrasateren babesa izango baitu; gainera, alderdi jeltzaleak ez du hautagaitzarik aurkeztuko.

Bihar, zapatua, 12:00etan egingo dute udalbatza berria eratzeko osoko bilkura, eta, azken orduko ezustekorik ezean, EH Bilduko Maider Morras izendatuko dute alkate. Izan ere, zerrenda bozkatuena izan zen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, eta Elkarrekin Arrasateren babesa izango du biharko saioan. 21 zinegotzik osatzen dute Arrasateko udalbatza eta agintaldi berrian hamar izango ditu koalizio abertzaleak; zortzi, jeltzaleek; bi, sozialistek; eta bat, Elkarrekin Arrasatek.

Oraindik argitzeke dagoena da, ordea, EH Bilduk bakarrik gobernatuko duen edo Elkarrekin Arrasaterekin koalizioan. Hain zuzen, horretarako negoziazioak hasiak dituzte bi aldeek, eta, erabateko adostasunik ez badago ere, "sintonia ona" dagoela nabarmendu du koalizio abertzaleak. "Bi alderdi aurrerakoi izanik, ekimen askorekin bat egin dugu oposizioan egon garenean. Orain, koalizio Gobernua osatzeko aukera aztertzen ari gara". Era berean, Eva Abuin koalizio moreko alkategaiak ez du ezer aurreratu gura izan oraindik: "Negoziaketetan jarraitzen dugu; hori da, oraingoz, esan dezakegun bakarra".

Gainontzekoekin harremanak

EAJrekin egindako bilkuran zein alderdi sozialistarekin orain arte egindako harremanean, "oposizioan kokatzeko asmoa" agertu dutela adierazi du koalizio abertzaleak. "Gure aldetik elkarlanerako eskuzabal agertu gara, oposizioak baduelako funtzio eta betebehar garrantzitsua arrasatear guztion etxea den honetan", gaineratu du.

Jeltzaleek nabarmendu dute EH Bilduri ez dagokiola haiek egingo dutenaren berri ematea. "EAJk agintaldi berrian izango duen jarrerari buruzko adierazpenak egitea EAJri bakarrik dagokio, eta ez beste inori". Era berean, ez dute negoziazioei buruzko adierazpenik egin nahi izan eta azaldu dute orain arte izan dituzten harremanak Gobernu aldaketari dagozkionak izan direla, nagusiki, aldaketa ahalik eta modu naturalenean gauzatzeko.

Halaber, alderdi sozialistarekin, azaleko lehen harremanen ostean, atzo arratsaldean zen batzekoa EH Bildu. Edonola ere, Aritz Murua alkategaiak aurreratu du haiek oposiziotik egingo dutela lan: "Gure helburua da oposizio eraikitzailea egitea eta herriarentzat onak diren proiektuak babestea. Esaterako, Santa Teresako proiektuak asko kezkatzen gintuen, baina EH Bildutik esan digute aurrera eramango dutela; beraz, lasaiago geratzen gara".

Biharko deialdia egin dute

"Alkate berriak kargua hartuko duen egunean" udalbatzara joateko dei egin du Arrasateko EH Bilduk, "udalbatza berriari ongietorria" egiteko. Esan moduan, bihar egingo dute hori, osoko bilkuren aretoan. Lehenik, udal idazkariak Adinekoen Mahaia deituko du, zinegotzi gazteenarekin eta zaharrenarekin. Kasu honetan, EH Bilduko Andoni Arratibel izango da gazteena eta EAJko Bixente Etxeberria, berriz, zaharrena. Ostean, udalbatza berria osatuko duten 21 zinegotziek karguaren zina egingo dute. Bitxikeria gisa, 2019an zin egiten dut, legeak hala behartuta formula erabili zuten zinegotzi gehienek, baina EH Bilduko batzuek "Espainiako Konstituzioak hala behartuta eta Euskal Errepublika izan arte, zin egiten dut" eta halako espresioak erabili zituzten. Azkenik, eta ezustekorik ezean, Maria Ubarretxenak Maider Morrasi pasako dio zumitzezko uztaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak