Monterroneko ideia lehiaketako erakusketa zabalik dago

Xabi Gorostidi 2018ko uzt. 4a, 15:49

Monterron parkea herrira irekitzeko ideia lehiaketan hamaika proposamen batu ditu Udalak. Horiekin guztiekin erakusketa bat jarri dute Kulturateko klaustroan iraileko bigarren astera arte, eta herritarrek gustukoenak botatu ahal izango dituzte.

Monterron jauregia eta parkea jabetza pribatukoa izan dira sorreratik. Jauregia XVII. mendean eraiki zen, Ameriketatik aberastuta itzuli zen Mateo de Aranguren kapitainak hala aginduta. Baina 1983 urtean erabilera publikorako erosi zuen Arrasateko Udalak.

Hala ere, izaera pribatu hori nabaria da gaur egun, parkearen sarbidean, eta baita inguru urbanistikoarekin duen lotura faltan. Horri buelta emateko ideia lehiaketa antolatu zuen otsailean Udal gobernuak, eta horren baitan proposamen berritzaileak egin dituzte arkitektura arloko hamaika profesionalek.

Parkera sartzeko aldapa, eskailerengatik edo gune berdeengatik ordezkatzen dute, besteak beste, eta inguruko trafikoa kentzeko hainbat proposamen ere egiten dituzte. Mugikortasunarekin lotuta, proposamen askok bidegorria bertatik igarotzeko aukera ere jasotzen dute.

Horrez gain, proposamen guztietan bi aldaera hartu dituzte kontuan: inguru hori jaietan txosnagune bilakatu ahal izatea, eta Kondekuako berdegune azpian, egoiliarrentzako lurpeko aparkaleku bat izatea.

Botoa emateko aukera

Herritarrek aukerarik gustukoenak botatzeko aukera izango dute, erakusketan bertan dagoen boto kutxa baten bitartez –udal webgunean ez da horretarako aukerarik izango–.

Hainbat eratara botatu daiteke: proposamen bakarrari, bi proposameni maila berean, eta bi proposameni, baina bat lehenetsiz. Botoa emateko ez dago inongo baldintzarik: ez dago Arrasaten erroldatuta egon beharrik, ezta adin konkretu bat izan beharrik ere ez.

Lehiaketan bost diseinu onenak sarituko dituzte, eta horien aukeraketa zortzi adituk osatutako epaimahaiak egingo du. Hala ere, Ubarretxenak azaldu du, epaimahaiko kideek herritarren aukera gustukoenak kontuan izango dituztela. Erakusketa uztailaren 3tik 27ra eta irailaren 3tik 14ra egongo zabalik –astelehenetik egubakoitzera; goizez 11:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldez 17:00etatik 20:00 arte–.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak