Hastear da Arrasaten 12. Elkartasun Eguna. "Antolatzen jarraitzeko arrazoiak ugariak dira. Konponbide eta bake eszenatokitik urruti gaude oraindik Euskal Herrian… injustiziak, ukazioak eta mendekuak bere horretan dirautelako", adierazi dute antolatzaileek gaur egindako agerraldian. Kepa del Hoyoren kasua aipatu dute, eta gogoan izan dituzte 65 espetxetan dispertsatuak dauden 332 presoak. "Urgentziazko gaia da biziarteko espetxe zigorrarekin eta dispertsioarekin amaitzea. Elkartasuna aldarrikatzen jarraituko dugu ukazioari konpromisotik erantzunez bakearen, behin betiko konponbide demokratikoaren, eta pertsona guztien eskubideen alde sare herritarrak antolatuz", esan dute.
Ekintzak bi aste bukaeratan
Gaurko kontzertuekin abiaraziko dute 2017ko Elkartasun Eguna, baina jarraipena izango du hurrengo zapatuan. Zentzu horretan Elkartasun Eguneko antolatzaileek hitz gogorrak izan dituzte Arrasateko Udalarekiko. "Beste azoka bat antolatu dute egun horretan guri ezer esan barik. Eskerrak eman nahi ditugu gurekin hain ondo jokatzeagatik", adierazi dute.
Irailaren 16ko ekintzei dagokienean iragarri dituzte jokoak eta tailerrak Biteri plazan, 11:00etan; kontzertuak Kajoi-Itzala eta Ezkinan, 12:30ean; bazkaria Biteri plazan, 14:30ean eta arratsaldez hamar talderen zuzeneko kontzertuak beste hainbat tabernatan, 17:00etan eta 18:00etan. Bazkarirako txartelak 13 eurotan daude salgai Monte, Basati eta Taupa tabernetan.
Manifestazioa 19:30ean
Elkartasun Egunari amaiera emateko urteroko manifestazioa deitu dute antolatzaileek. 19:30ean abiatuko da plazatik "euskal preso, errefuxiatu, eta iheslari politikoen eskubideen defentsan". Parte hartzeko dei egin dute.