Birzikleta Azoka irailaren 16an izan arren, horren aurretik, bigarren eskuko bizikleta merkatuan salduko diren materialak batzeko ordutegia honako hau izango da: irailaren 9an, 11:00etatik 13:00etara bitartean; irailaren 12an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta irailaren 14an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Antolatzaileek adierazi dute azken egunean baino gehiago, materiala lehenbailehen eramateko, azoka egunari begira dena hobeto antolatuta izateko.
Egoera onean dagoen materiala
Materiala eramaten duenak jarri beharko dio eramandakoari salneurria eta egoera onean dagoen edozein material batuko da. Mota ezberdinetako bizikletak, mendikoak, paseokoak, errepidekoak, haurren bizikletak, trizikloak, kaskoak, gurpilak… Materiala Azoka Plazan batuko da, eta azokan saltzen den materialaren dirua jabeari emango zaio. Saltzen ez den materiala, berriz, bueltatu egingo zaio jabeari.
Zapatuan, hilak 16, Mugitu zaitez bizikletaz erakusketa egingo da Mondragones kalean 11:00etatik 13:00etara bitartean. Domekan, hilak 17, aldiz, 11:00etan urteroko bizikleta bira abiatuko da Seber Altube plazatik eta 10km-ko ibilbidea egingo du herrian zehar.
Berrikuntzak
Aurten, berrikuntza gisa, Bizikletan-Bizikume deituriko proiektua aurkeztuko da eta aerografia teknikaren bitartez, bizikletak edota kaskoak margotu eta pertsonalizatuko dira. Eguaztena, hilak 20, Emakumeak Bizikletan-Bizikume proiektua aurkeztuko da. Kulturateko areto nagusian izango da, 19:00etan, eta ekimen horren helburua da bizikletan ibiltzeko emakume taldeen sorrera bultzatzea.
Merkataritza berdearen astea
Mugikortasun asteari helduz, herriko merkatariek ere bat egin dute ospakizunarekin eta hiru bizikleta zozketatuko dituzte irailaren 16tik 22ra bitartean erosketak egiteko Arrasate txartela erabiltzen duten herritarren artean. Horretarako, erosketen frogagiria aurkeztu beharko da hilaren 23an Herriko plazan, 12:00etatik 13:30era. Zozketa jarraian egingo da.