Iaz ez bezala –iaz azkenaurreko proba izan zen–, biharkoa erabakigarria izan daiteke Euskadiko txapelketarako. Hori horrela, antolatzaileak pozik daude, probak izan dezakeen maila eta lehiakortasuna handiak izan daitezkeelako.
Ikuskizunean lagunduko du, zalantza barik, lasterketak izango dituen aldaketak. Bereziki, txanda gutxiago izateak. Iaz, bost egin zituzten. Aurten, lau. Hori horrela, gidariek gehiago zaindu beharko dute egiten duten denbora eta lana. Lasterketa laburragoa eta ikusgarriagoa izango da, gainera.
Oinez joatea eskatu dute
Eta ordurako zale asko espero dituzte antolatzaileek. Segurtasuna bermatuta dagoen lekuetan ipintzea eskatu dute, eta Udalara oinez joatea. "Zaleen autoak aparkatzeko leku txikia dago. Iaz, arazo handia izan zen guretzat. Hortaz, ahal den neurrian, oinez igotzea eskatu behar diegu zaleei, ahalik eta enbarazu txikiena egite aldera", esan dute.
Federazioak sarreren prezioa hamar eurokoa izatea aholkatzen badu ere, Udalakoa zortzi euro ordaindu beharko da. Lasterketa 14:00etan hasiko da, iazko leku berean.
Hurrengo, Aramaion
Euskadiko Automobilismo Federazioak zehazten duenaren arabera, Udalakoaren ostean, Aramaioko XVI. rallyesprintaren txanda izango da: irailaren 16an jokatuko da, 15:00etan. Hori ere puntuagarria izango da Euskadiko Txapelketarako. Hortaz, lehia estua duten gidari guztiak espero dituzte Aramaion.
Azpiko Racing taldeak antolatzen duen probako izen-ematea irailaren 8an itxiko da. 12an aurkeztuko dute gidarien zerrenda, eta lasterketa egunean bertan egingo dituzte autoen egiaztapenak.