Ekintza ugari Emakume Txokoan udazkenean zehar

Jokin Guridi 2017ko ira. 6a, 10:20

Arrasateko Jabetze Eskolak eta Emakume Txokoak iraila eta abendua artean antolatutako ekintzen egitaraua aurkeztu dute. Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak eta bestelako hainbat ekintza antolatu dituzte hurrengo hilabetetarako. Ikastaro eta tailerretan izena eman beharko da, irailaren 11tik eta 15era bitartean.

Jabetze Eskolak ikasturte honetan ere emakumeen arteko sareak sortzen jarraitzeko asmoa du. Horretarako, hainbat ikastaro eta tailer antolatu ditu abendua bitartean. Esaterako, autoestimua, jabetzea, komunikazioa eta asertibitatea lantzeko, dolu eta galerei aurre egiteko, eta joskintza jabetzerako tresna bezala erabiltzeko ikastaroak antolatu dira. Gainera, autodefentsa feminista eta Drag King tailerra ere antolatu dira, besteak beste. Bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera ere egongo da, adibidez, irakurketa feministen txokoan, herrialde eta kultura askotako emakumeen topalekuan edota gestazio subrogatuaren inguruko eztabaidan parte hartzeko aukera.

Emakume Txokoak bestalde, zoru pelbikoa indartzeko, abdominalak arrisku gabe egiteko, norbere burua zaintzeko, dantzen fusioaren bitartez gorputza ezagutzeko eta bizikletaren mantentze lanak egiteko ikastaroak eta tailerrak antolatu ditu. Honetaz gain, Emeek Emana erakusketa, Artestura Feministak lehiaketa, emakumeen esperientzia kolektiboaren inguruko hitzaldia, Erradikalak gara! ikuskizuna eta Ane Irazabal kazetariari elkarrizketa ere izango da hurrengo hilabetetan.

Ikastaro eta tailerretan parte hartzeko irailaren 11tik 15era bitartean izena eman beharko da Emakume Txokoan, zuzeneko harrera bidez, emailez, telefonoz eta webgunetik. Izen emate orria bete beharko da eta irailaren 18tik 22ra bitartean jakinaraziko da parte hartzaileei ikastaroetan lekua duten edo ez. Ikastaroak eta tailerrak, oro har, emakumeentzat dira eta gainontzeko ekimenak gizonezko eta emakumezkoentzat. Gainera, ekintzetan parte hartzeko haurtzaindegi zerbitzua jarriko da aldez aurretik abisatuz gero.

Ekintzen inguruko informazio gehiago hurrengo loturan aurkitu daiteke:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak