Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatzen du Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Atzo goizean banatu ziren 32. edizioko sariak eta adin desberdinetako 20 sarituen artean Arrasate BHI ikastetxeko Maria Oses dago, bere Gorroto nuen poesia idazlanagatik. Batxilergoko eta Erdi Mailako heziketa Zikloetako ikasleen kategorian saritua izan da arrasatearra.
Bost egunez, irailaren 4tik 8ra, Elgoibarko Aubixa baserrian egonaldia egingo dute 20 sarituek, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak egingo dituzte aterpetxean eta eskolara itzuli aurretik elkarrekin berriz elkartzeko aukera ere izango dute. Honetaz gain, 2017ko edizioko sarituen lanekin liburu bat argitaratuko da Sagastiberri bilduman eta liburua, parte hartzaile guztiei bidaltzeaz gain, eskola guztietara banatuko da.
Urruzuno literatura-lehiaketaren jarraipena da gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatur-ekimena. 32. edzioa izan da aurtengoa eta Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea da ekimen honen helburua, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartzeko. Aurtengo edizioan, 103 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 82 prosan eta 21 poesian, eta epaimahaia literaturan jantziak diren aditu eta idazleek osatu dute. Zehazki, Leire Bilbao, Goiatz Labandibar, Gari Berasaluze, Peru Iparragirre eta Jasone Osorok.
Sari banaketa ekitaldia eta saritu guztien zerrenda Irekia webgunean ikusi daiteke.