Aurkezpen ekitaldia irailaren 21ean arratsaldeko 18:00tan izango da Azoka Kaleko Kulturaten, Jokin Zaitegi gelan zehazki. Bertan, azken hilabeteotan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen. Besteak beste, Pasaportea eta NANa egiteko tasak doakoak izango dira eta kide ugariko familia izaeraren epearen hedapena dira berritasunetariko batzuk. Izan ere, iaztik indarrean dago hedapena eta ondorioz, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak 21 urte bete arte, edo 26 urte, ikasten edo prestatzen jarraituz gero. Legeak ezarritako gehieneko adin hori betez doazen seme-alabek ezingo dituzte onurak jaso, baina, familiako gainerako kideen kasuan, onurak jasotzen jarraituko dute gazteenak legezko adin hori bete arte.
Gainera, aurreko urtean pentsioetan amatasunagatiko osagarria ere onartu zen gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan. Honen ondorioz, pentsioa %5 handituko da bi seme-alaba izan dituztenentzat, %10 hiru izan dituztenentzat eta %15, berriz, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituztenentzat.
Honetaz gain, argindarraren bonu soziala garatzen duen Errege Dekretua behin betiko onartu zain dago elkartea, urtebete baino gehiago Industria Ministerioarekin bilerak egiten ibili ostean. Dekretuaren arabera, familia ugariek %25eko deskontua izango dute argindarraren fakturan. Hala ere, hobariak urtean 3.600 kWh-ko kontsumo muga izango du eta hortik aurrerakoa tarifa arruntaz fakturatuko litzake.
Azkenik, egun berean, Hirukideren ordezkariek udaleko arduradunekin biltzeko asmoa dute, hainbat proposamen helarazteko, eta Familia Arloko Udalerri Arduratsuen Dekalogoa emateko.