Irailaren 4an irekiko dute Uarkapeko gimnasio berria

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 1a, 10:00

Gimnasio berriaren argazki-muntaia, Kirol Zerbitzuak urte hasieran etxez etxe banatutako triptikotik hartua.

Uarkapeko gimnasio berria probatzeko ate irekiak izango dira irailaren 4an eta 5ean, eta izena emateko Musakolako kiroldegira hurbildu edo 943 25 20 30 telefono zenbakira deitu behar da; abonatuek txartela aktibatzeko eskatu beharko dute aldez aurretik Musakolako kiroldegian.

Datorren astelehenean, irailak 4, irekiko dute Uarkapeko gimnasio berria. Urte hasieran udaberrirako irekita egongo zela aurreikusten bazen ere, hilaren 4tik aurrera erabili ahalko da. Azken urteetan Uarkape frontoiko jatetxea errentagarri izateko saiakera ezberdinek huts egin ondoren, espazio horri kirol erabilera ematearen aldeko apustua egin zuen Udal Gobernuak. Hala, aukera ezberdinak landu ondoren, bertan gimnasio edo fitness gela bat jartzea erabaki zuten.

Urte hasieratik jatetxea zegoen tokia egokitzeko lanak burutu eta zerbitzua emateko beharrezko kontratazio ezberdinak egin ondoren, astelehenean ateak zabaltzeko gertu egongo da Uarkapeko gimnasio berria.

"Ahalik eta probetxu handiena"

Udal Gobernuak aditzera eman duenez, Uarkapek duen kokapena kontuan hartuta, "ahalik eta probetxu handiena" atera gura zaio Uarkaperi: "Hori dela-eta, bertako eskaintza zabaltzeko lanean jarraituko dugu". Gimnasio berria egokitzeko birmoldaketa lanak amaituta, Uarkapek ondorengo espazioak izango ditu aurrerantzean: gimnasioa, boulderra, frontoia eta errebotiloak. Horrez gain, kirol ekintzei dagokienez, K-Strech eta gimnasia hipopresiboak bertan eskaintzen jarraituko dira.

Ate irekiak hilaren 4an eta 5ean

Uarkapeko gimnasioa erabiltzeko aukera izango dute kiroldegiko abonua edo plus abonua duten bazkideek, baina Uarkapera sartzeko aldez aurrez txartela aktibatzeko eskatu beharko dute Musakolan.
Hala ere, irailaren 4rako eta 5erako ate irekiak antolatu ditu Kirol Zerbitzuak, gimnasioa doan erabiltzeko aukera edonork izan dezan. Goizetan ordubeteko txandak eta arratsaldeetan 45 minutukoak antolatu dira ahalik eta herritar gehienei instalazio berriak probatzeko aukera emateko asmoz.

Hala, baina, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, Musakola kiroldegiko harrerara hurbildu edo 943 25 20 30 telefono zenbakira deitu beharko da. Ate irekien ordutegia honako hau izango da: irailaren 4an, 08:30etik 15:30era eta 16:30etik 20:00etara; irailaren 5ean, berriz, 06:30etik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara.

Astelehenetik zapatura zabalik

Ate irekiak amaitu ostean, irailaren 6tik aurrera funtzionamendu normalari ekitea da Kirol Zerbitzuaren asmoa. Beraz, hurrengo eguaztenetik aurrera honako hau izango da Uarkapeko gimnasioak izango duen ohiko ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 06:30etik 21:00etara; zapatutan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak