Arrasateko Udaleko Kultura Sailak datorren egubakoitzean abiatuko duen Kulturate Akustikoak musika zikloaren barruan, ohiko egitarauetan sarritan entzuten ez diren musika estiloekin gozatzeko aukera izango da. Hori da, Karmelo Alberdi Kultura teknikariaren esanetan, bederatzigarrenez prestatu duten musika emanaldien helburua.
Aurrekoetan moduan, Kulturateko areto nagusia agertoki bihurtuko dute bi asteburutan. Emanaldi guztiak 20:00etan eta dohainik izango dira.
Sei beharrean, bost kontzertu
Irailaren 16a Elkartasun Eguna jaia izango da Arrasaten eta egun horretarako ez dute emanaldirik lotu; hortaz, aurten bost izango dira. "Aurrekontua, hala ere, iazkoaren bestekoa izango da, 12.000 euroren bueltan; talde gutxiago izan arren, jendetsuak dira eta urrunetik datoz; beraz, gastuak igo egin dira. Guztiak lehenengo aldiz datoz, eta ez dago estilo bakar bat, nahiz eta AEBetako soinuak nagusituko diren. Esango nuke aurtengo kartela orekatua eta interesgarria dela. Aipatzekoa da Maria Arnal eta Marcel Bages bikotea; aurten kaleratu duten 45 cerebros y un corazón lana 2017ko disko onenen lista guztietan dago. Bezperan –lehenengo zapatuan– izango den Tori Sparks taldearen apustu bitxia ere nabarmenduko nuke; bluesa eta bestelako musika estilo amerikarrak flamenkoarekin nahasten dituzte. Cartagenako BantasticFan klasikoagoa da, baina oso kalitate onekoa", azaldu du Alberdik.
Euskal Herriko musikariek zabaldu eta itxiko dute aurtengo eskaintza: Luis Vilen estudioan sortutako Mushkum rock akustiko egitasmoa hasteko, eta 2014an sortutako eta Arizonako country-and-western eta folk doinuak jorratzen dituen Ghost Number&His Tipsy Gypsies seikotea, egitaraua borobiltzeko.
Egitaraua
Emanaldi guztiak Kulturateko areto nagusian, 20:00etan eta doan izango dira.
Irailak 8, egubakoitza
• Mushkum.
Irailak 9, zapatua
• Tori Sparks.
Irailak 10, domeka
• Maria Carnal I Marcel Bages.
Irailak 15, egubakoitza
• Bantastic Fand.
Irailak 17, domeka
• Ghost Number & His Tipsy Gypsies.